|
TELEVISIÓN
|
|
|
|
|
|
|
Laja eta landakanda
|
 |
Behatokia Andoni Iturbe
|
 |
Sanchez Dragok bere eskarmentu mistikoetan hitzak, ideiak eta sentipenak burrunbatzen ditu. Bere diskurtso eklektikoak ez dira inor isilarazteko gai. Julia Oterok ere ezin izan zuen idazle eta aurkezlearen erritmoa apaldu.
Literaturaz egin diren solasaldien artean, "Negro sobre blanco"ren gidari ohiak Telemadriden zuena da, dudarik gabe, dibertigarriena eta ikusgarriena, hitzak zurrunbilo eta errealitate paralelo bihurtzeraino. Solaskideek hainbeste esan gura zuten, hitz potoloak etengabe josiz, bihurgune hori ez zela hitzen errepublika, euren burua pribilegiatutzat duten hitzaspertu aristokrata baizik. Kultura ez dago inoren eskuetan, jakituria zabaltzeko gaitasuna baita.
Julia Oteroren aurrean ere direnak eta ez direnak esan zituen: txamanismotik sexu tantrikora edo hil zorian daudenek ikusten duten tunel miragarri horretatik dituen hiru by-passetara, guztia arnasik hartzeko denborarik hartu gabe. Betidanik jakituria umiltasunarekin ezkondu behar dela esan didate.
Diskurtso minimalistagoak erabiltzen dituzte "Sorginen Laratza"n. Bertsolarien hitz-jarioa zuzena eta egokia izan ohi da ahozko zein idatzizko komunikaziorako. Pasa den astearte gauean gutxitan sortzen duten arrapalada ironikoa lortu zuen saioak. Nahiz eta ETBko hiru berriemaile gonbidatuek hitzak neurtu eta irudi serioa eman, "Cañete" jeneralak adarra jotzeko piperra zuen, Euskal Herriko folklore eta kulturaren ikurrak "barregarri" utziz. Bere asmo zitala bost talde edo erakunde legez kanpo uztea zen: Azkoitiko Laja eta Landakanda zen horietako bat; herri kulturaren parabola, trikitilari mitikoak. Pantxoa eta Peio zirkuitutik kentzeko argudioak zituen, "PP" esan gura dutelako, edo Ikea (Ikasle Euskaldunak Aurrera). Gutxitan heldu da "Sorginen Laratza" surrealismo irmo horretara, errealitatearen arinkerian behin eta berriro irristatuz. Bertsolaritza eta ironiak ere bat egin dezakete. |
|