NAZIOARTEKO 170 artistek eman dute izena Divergentes 2005 ekimenean parte hartzeko. Hauek guztietatik hamarrek bakarrik izango dute aukera Euskal Herriko teknologia-zentroetan eta enpresa berritzaileetan egonaldia egiteko eta udan Zumaian izango den erakusketarako obra egiteko.
Hautagai guztiak ikus alorreko artea (pintura, eskultura, argazkigintza, bideoa, multimedia eta instalazioak) lantzen duten artista hasiberriak dira.
Jasotako lanak 28 lurralde ezberdinetatik heldu dira: Alemania, Amerikako Estatu Batuak, Argentina, Belgika, Kanada, Txina, Costa Rica, Kuba, Danimarka, Ekuador, El Salvador, Errumania, Espainia, Frantzia, Ghana, Holanda, Honduras, Italia, Mexiko, Panama, Peru, Polonia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Singapur, Suitza, Uruguay eta Zipre.
Hautagaien ehuneko 47a Espainiakoa da; ondoren, eta adierazgarri bezala, honako lurraldeak aipa daitezke: AEB (ehuneko 9), Mexiko (ehuneko 9), Fran-tzia (ehuneko 8), Argentina (ehuneko 4), Italia (ehuneko 4), Peru (ehuneko 3) eta Erresuma Batua (ehuneko 3).
Euskal Herritik 22 dosier jaso dira: Arabatik 3, Bizkaiatik 12 eta Gipuzkoatik 7. Espainiatik 55 eskaera iritsi dira, 22 Kataluniatik eta 16 Madriletik; beste lanak Andaluzia, Aragoi, Asturias, Balearrak, Valentzia, Errioxa, Extremadura, Galizia eta Gaztela-Leondik etorri dira.
Gaur hamar artisten aukeraketa prozesuari ekingo dio epaimahaiak. Epaimahaiaren emaitza martxoaren 18tik aurrera argitaratuko da www.artesdivergentes.com web-orrian.
Honako hauek dira epaimahaikideak: Jose Lebrero Stals, Arte Garaikidearen Zentro Andaluzeko zuzendaria; Roger Malina, Marseillako (Frantzia) Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS) zentroko Astronomia Espazialeko Laborategiko zuzendaria, Leonardo elkartearen lehendakaria eta arteei eta zientziei buruz Leonardo elkarteak argitaratzen dituen argitalpenen editore exekutiboa; Simon Marchan Fiz, UNEDeko Filosofia fakultateko estetika-katedraduna; eta Xabier Saenz de Gorbea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Azken Joera Artistikoaren irakaslea.
Divergentes hau, Zumaiako Zuloaga Museoak, Bilboko Windsor Kulturgintza Galeriak , eta Xabide taldeak, kultur kudeaketa eta komunikazioak (Gasteiz, Bilbo, Donostia) sustatutako ekimen bat da. |