|
Nagusi den heriotzarena. Fededun izan edo ez izan, gaitzaren galdera gaiztoa ahoan eta bihotzean daramagu denok: Zergatik gaitza?, zergatik sufrimendu merezi gabea?, zergatik errugabekoen heriotza?, zergatik injustiziaren botere menpetu ezina? Arantzazun Oteizaren irudi sendo bezain bihurrituek erakusten duten samin sentidu-hustua da. Zergatik? Eta eskandalu horren aurrean alferrik dira erantzun ikasiak, filosofia handiak eta teologia ustez argitzaileak. Saminak eta ezinak jakintza asko isilarazten du. Erantzun guztien aurrean beti berria eta beti ezezaguna gertatzen baita sufrimenduaren galdera. ‘‘Zergatik?’’ bakoitzak, galdera bakoitzak, bere historia darama barnean eta historia bakoitza pertsonala da. Azken batean, gizakion erantzunik eza ikusita, Jainkoa sartzen dugu galderaren barruan: Zergatik uzten du Jainkoak sufrimendua izaten? Non da Jainkoa eta beraren maitasuna? Gaurko ebanjelioan, Martak eta Mariak ere saminaren iluntasuna bizi dute, beren anaia Lazaro hil baitzaie. ‘‘Zu hemen izan bazina...’’ esaldi horretan frustrazio handia dago gordea, Jesusengandik zerbait gehiago espero izan eta ez dutela jaso esan nahi izango baliote bezala. Lazaro heriotz-oihaletan bildua eta Marta eta Maria negarrez, argazki biek ederki erakusten dute gizakion ezina eta samina. Horixe gara eta horretan bukatzen dugu guztiok gaur ez bada bihar. Eta zer esan? Zeri heldu? Irtenbiderik gabeko tunel iluna ote da heriotza? Etsi egin behar ote dugu heriotzaren eta sufrimenduaren aurrean? Gure fedearen Jainkoak ez ote du ezer esatekorik? Eta Jesusek esan du. ‘‘Zure anaia piztuko da’’. ‘‘Ni naiz piztuera eta bizia: niregan sinesten duena, hiltzen bada ere, biziko da..., ez da hilko betiko’’. ‘‘Lazaro, zatoz kanpora’’. Aurrena, Jesus sufrimendura hurbiltzen da, heriotzaren parean jartzen da. Sufrimendua bere sakonean errespetatzen du. Negar egiten du. Heriotzara hurbildu egiten da. Jesus beti sufritzen dutenen ondoan dago, haien sufrimendua beregan hartzen. Bigarrenik, Jesusek sufrimenduari aurre egiten dio. ‘‘Non jarri duzue?’’ ‘‘Kendu harlosa’’. Guk egin ezin duguna, heriotzaren harlosa jaso eta kendu. Bere Aita bizi-emailearengan duen konfiantza handia erakusten du Jesusek. ‘‘Zuk, Aita, beti entzuten nauzu’’. Hirugarrenik, askatasun-hitza esan eta hildakoa heriotzatik askatu egiten du. Berak bakarrik egin dezake. Eta, gainera, sekula amaituko ez den bizia ematen du, heriotzak azpian hartuko ez duen heriotza. Jakina!, gauza hauek onartzen zailak ez ezik onartu ezinak izango dira sinesten ez duenarentzat. Sentitzen dut. Baina, sinesten duenak ‘‘badaki’’ Jesusek bizi-indarra duela. Gizakiok ez dugu etsi nahi heriotzaren aurrean. Ondo egiten dugu, gainera, ez etsitzea. Eta itolarri gabiltza bizia luzatu nahirik, eta luzatzea lortu ere lortzen dugu. Baina, luzatzea lortzen dugun hau bukatzen den bizia da. Jesusek bestelakoa ematen du. Hemen bizi dugun bizia sekula amaitzen ez denaren irudi baita. Biziko garela dakiena bizi daiteke libre eta pozik. Bestela nola? Askotan dezepzioz eta frustrazioz esan izan duguna, reprotxe modura ere esan izan duguna, gaur usterik onenaz esan genezake eta esaten dugu: ‘‘Jauna, zu hemen izan bazina...’’ |