FUTBOLA, KIROL ikuskizunak orokorrean, jendearen sentimendurik ezkutuenak ernaltzeko gai dira. Eserlekuetatik jaiki arazi eta gorrotoa, itotzerainoko poza, amorrua, ezinegona, etsipena... azalerazten dituzte aurpegira, besoetara, gorputz osora. Irria –umeek erraz aurpegiratu dezaketen eta nagusiek ahaztuta duten keinu “sanoa”–, berriz, ez da euren monopolioa. Akziorik ere ez dute irabazi garbirik gabeko “negozio” horretan. Korrikak badu ahalmen hori. Haur, gazte zein nagusiengan sentimenduen adierazpide soil bezain erakargarri hori mugimenduan, dantzan,jartzeko edari miragarriaren jabe da euskararen aldeko karrera. Ekimena abian jarri zenetik igaro diren 25 urte luzeetan horren eredu anitz izan dira. Atzo Donostian bizitakoak zerrenda horretara bildu beharra dago.
Gipuzkoako hiriburuan berandu, atzerapen handiz, sartu zen Korrikaren lekukoa. Altzara 18:30ean ailegatzekoa bazen ere, ordu erdi geroago pasa zen bertatik. Arzakn jatetxearen parera ere atzerapen horrekin ailegatu zen. Sukaldari ezagunak Korrikarekin eta euskararekin bat egin bazuen ere, ez zuen lekukorik hartu, ez eta tropelaren martxa jarraitu. Bere ordez, Pello Aranburuk eraman zuen lekukoa. Zubiaurre pasealekura gauez egin zuen agerraldia Korrika 14ren euskaltzale talde erraldoiak.
Korrika 14ren lekukoa eskuzesku igaro zen Donostian egindako ibilaldi jendetsuan: Altzako Batasuneko kide Mikel Jorge –gurpildun ahulkian bete zuen kilometroa–; euskal selekzioaren aldeko ESAIT; Herri Irratia; ELA, ESK, LAB, STEE-EILAS sindikatuak... Ibilbidearen tarte luze batean kamioi bat ibili zen euskaltzaleen tropelaren aurrean, fanfarriaren doinu alaiaz giroa berotuz. Era berean, orain arte arrakasta handirik izan ez duen liburuak trukatzeko ekimenak, harrera ona izan zuen Donostian eta liburuak hara eta hona ibili ziren, eurak ere euskararen aldeko oihu isilak zabalduz.
Gaur, Iruñean Beti ere ikusgarria izaten den Goizuetako eta Leitzako tartea igaro zuen bart Korrika 14k eta gaur goizeko 9:00ak baino lehen izan behar du Iruñean, dena ondo bidean. Duela bi urteko amaiera ziztagarria gogoan, euskararen aldeko jarrera azaltzeko eta ofizialtasuna aldarrikatzeko unea, nafarrek hutsik egingo ez dioten hitzordua izango da. |