|
|
|
Olasagastik erraz menderatu du Azurmendi
|
|
herri kirolak Igeldoko aizkolariak ia hiru minututan hobetu zuen arerioaren lana
|
 |
|
Andres Osa "Sakona" Tolosa
|
 |
FABORITOAK EZ ZUEN hutsik egin eta garaipena zalantza izpirik ez duen horietakoa izan zen. Igeldoko aizkolariak hasieratik hartu zuen aurrea eta, enborrez enbor tartea handitzen joanaz, azkenean tarte handia egin zuen eta garaipena eskuratu. Horrenbestez, jokoan zeuden 6.000 euroak berarentzat izan ziren.
Tolosako zezen plazan neurtu ziren atzo eguerdian Iñaki Azurmendi eta Joxe Mari Olasagasti. Bakoitzak hamalauna oinbiko (72 ontzakoak) ebaki behar zituen. Materiala Azurmendik ekarri eta plazan jarri erdibana egin zuten.
Tolosako plazak aspaldi izan duen jende sarrera handienetarikoa izan zuen. 30 euro ordainduta, mila bat zaletu bertan bildu ziren ikusmin handia sortu zuen aizkolari desafioa ikusteko. Olasagasti ezaguna zen, eta berak zer egin zezakeen jendeak gutxi gorabehera bazekien. Ez ordea Azurmendik zer nolako erantzuna emango zuen. Honek desafio kontuan estraineko aldia zuen eta horrek nolabaiteko kuriositatea erantsi zion norgehiagokari. Dirua hasieran 100 60ri atera zen Olasagastiren alde. Olasagastik oso bizi ekin zion lanari, aurkariari tartea ireki nahian. Lehenbiziko enborrean minutu erdiren aldea atera zion eta bigarrena bota zutenean minutua pasatxoren tartea irekita zuen Olasagastik. Abantaila handia, handiegia atzetik aurkariarengana hurbiltzeko. Enborrez enbor tartea zabaltzen joan zen eta artekariak ia ia mutu. 100 euro 40ri jarri zen dirua. Igeldoko aizkolaria lasai, hiru minutu eta gehiagoren aldea bazuen eta arnasa hartu, jendeari begiratu eta zirikatu, Antonio Jaunarena laguntzailearekin hitz laburrak izan eta azkenean, hamabigarren enborrean azken kolpeak esprinean emanaz, besoak jaso zituen garaipenaren adierazgarri. Azurmendik bere lana txukun amaitu nahi izan zuen eta halaxe egin ere. Azken aldera, aldeak pittin bat murriztea lortu zuen.
Olasagastik bere lana amai-tzen 58 minutu eta 36 segundo behar izan zituen; Azurmendik ordu bat, minutu bat eta 31 segundo. Lan hau berau, 1991ean, Tolosan bertan Arrospidek eta Mindegiak egin zuten. |
|