Duda izan dut izenburuari galdera-ikurra jarri edo ez. Ez nion jarri nahi, baina jarri behar izan diot. Galdera-ikurra kentzeko aukera letorkeenean, orduan bakea izango baita. Et gaur oraindik ez daukagu bakerik; eta txarrena, bakeari bidea urratzeko borondatea ere ez da oso nabarmena. Dena borroka da, dena sesioa, dena nahaste-borrastea, asko gezurra eta beste asko manipulazio hutsa. Boto-eskubidea ere aski murriztua. Eta horrela ezin daiteke bakerako hauteskunderik egin.
Eta, hala ere, batek sinetsi nahi luke bakerako hauteskundeen posibilitatean. Ez nuke uste eta nahi horretan inolaz etsi nahi. Bakea posible eta bideragarria dela sinetsi nahi dut, eta sinesten dut. Eta sinetsi nahi dut bakea egin dezaketen guztiek egin nahi dutela. Hala ere, Pazkoko espirituak erasan handi samarra gertarazi beharko du zenbaiten barruan; bestela, jai daukagu eta jai dauka bakeak. Gure herria nozitzen ari den kanpaina desegile honek pentsarazten al du bakerako hauteskunderik?
Bakea zuei! esaten du Jesusek. Horrela da, bakea opa digu Pazkoak. Eta bakearen agurra jasotzeko premian gaudela ezin ukatu. Bakea behar dugu eta, aurretik, bakea egiteko gogoa behar dugu. Jakina!, bakoitzak begiratu beharko du bakea esaten duenean zer esan nahi duen. Denok erabiltzen dugun hitza izanik eta gero jokamoldeetan bakearen ulerkera desberdina erakusten dugunez, bistakoa da bakeaz mintzatzea ez dela aski bakea egin nahi dugula baiesteko. Bakea nahi dugu, baina zer bake?, zeinentzako bakea?, zeinekin bakea?, zertarako bakea?
Jesusek bakearen agurra jarri digu bihotzean eta ezpainetan eta gizartera bidali gaitu, denak bakeaz agurtu ditzagun. Eta Jesusen agurra entzun eta haren Pazkoa ospatzen dugunok badakigu zer egin behar dugun eta nola egin behar dugu: bakea egin behar dugu eta bakea bakez egin behar dugu. Jesusek esaten duen bezala, bakeaz agurtzen dudanean neure espiritua besteari entregatzen diot; bakeaz agurtzen dudanean, kalteak barkatu egiten dizkiot; bakeaz agurtzen dudanean, neure izatea besteen zerbitzura ateratzen dut. Eta horrela egin daiteke bakea; horrela egiten da bakea.
Bakoitzak bere interesa bilatzen duenean, ordea, eta bakearen hitza erabiltzen duenean, bake-soinu hori haize hutsa da. Besteei kaltea edo galera opa eta bake hitza erabiltzen duenaren borondatea ahun-tzaren gauerdiko eztula da. Besteei kaltea eta mendekua opa dienak, alferrik erabiliko du bake hitza, ez baitu, ez bakea maite, ez bakea nahi, ez bakea opa. Aparrez beteriko hitzek ez daramate bakearen sakontasuna. Bakea opa duenak barru-barrutik eta bene-benetan opa dio besteari ona, mesedea. Hauteskunde hauetan, baina (denetan ote?, beti horrela behar ote?), ez da ikusten bakeaz barrutik agurtzeko gogorik. Oso gutxi entzuten da asmo positiborik. Besteak erastea da kontua, besteei barrutia jatea, besteen eskasiak erakustea, besteen asmoei gurpilean oztopoak jartzea. Eta aurrera egiteko gogoa sortu ordez, lortzen dutena da ondoeza sortzea, barruko ezina indartzea eta bake-ametsak hutsean eta negargarri uztea. Borrokaz eta gaizki esaka eskaintzen digutena bakea baldin bada, ez dugu horrelako bakerik nahi.
Pazkoan ari gara eta hauteskundeetan ari gara. Biak elkartzea ez da erraza, baina egin beharrekoa. Akaso Pazkoak erakutsiko digu hainbesteko nahastearen barruan bestelako asmoak ikusten. Akaso hainbesteko borrokaren barruan Pazkoak erakutsiko digu bihotzetara begira-tzen eta han argiune jatorragoak ikusten. Akaso Pazkoak erakutsiko digu azaleko itxura gatazkatsu hau asumitzen eta bestelako harreman-jarduerak bideratzen. Akaso gure artean ikusten ari garen nahaste-borraste guztia ez da hainbestekoa Pazkoa gertatu delako. Amets egin ote dezakegu, baina ametsari egia emango dion ilusioz amets egin ote dezakegu? Oraingo hauek bakerako hauteskundeak izango ahal dira! |