MURGILTZE EREDU europarra izango da aztergai apirilaren 14, 15 eta 16 bitartean Miarritzeko Bellevue eremuan. Ekitaldi hauek Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta ISLRF-ek (Frantziako Hizkuntzen Goi Mailako Institutua) antolatutako XII. Jardunaldi Pedagogikoen barruan kokatzen dira.
Ixabel Charritton, Seaskako lehendakaria eta ISRLFko lehendakari ordea, atzo Donostian esan zuenez, ‘‘Murgiltze ereduaren ekarpena europar hiritartasunaren eraikuntza’’ izenburupean ISLRF osatzen duten Okzitania, Katalunia, Bretania, Alsazia eta Euskal Herriko ordezkariek, Ikastolak hobeto ezagutzeko parada izateaz gain, Frantziako hizkuntza eta kultura historikoak erakutsi ahal izango dizkiete Hego Euskal Herriko ordezkariei. Bere ustez, mintzaldiek «hiritartasunaren eraikuntzan eta kultur mailako harremanak garatzeko» aukera emango dute. Zentzu honetan, Seaskak, Iparraldeko Ikastolen Elkarteak, «zubi» lanak egingo ditu bertan ordezkatuak izango diren kultura eta hizkuntzen artean.
Euskal Herriko Ikastolen konfederazioko zuzendari Iñaki Etxezarretak, bestetik, europar Konstituzioan proposatzen den bestelako hezkuntza-eredu bat ezartzea posiblea dela esan zuen. Eredu hori «hurbileko gizartearen urtetik urteko atxikimendua jaso eta borondate kolektiboaren gainean gero eta sendoagoa den eraikina zutituz» lortu daitekeela gaineratu zuen. Zentzu honetan, Ikastolak praktikatzen duen euskal hizkuntzan eta kulturan murgil-tze ereduaren bidez europar hiritar identitate berriaren eraikuntzan murgiltzea proposatu zuen. Izan ere, Ikastolen jarduera pertsona eta herrien identitatea «lehen graduan» ipintzean datzala azpimarratu zuen «giza balioen eskola eredu bihurtuz». |