Iragan den hilean hasi eta aurtengoan apirila erdialderaino luzatuko den "Martxoan, bertsoa!" zikloaren hirugarren edizioa oso arrakastatsua izaten ari da.
Iragan asteburuan bertso afaria ospatu zen Balentiña jatetxean eta aste honetan, berriz, ber-tso sorten kantaldia eta bertso eskolako gaztetxoen antzerki musikatu saioa izango dira.
Aipatu bezala, larunbatean Iñaki Gurrutxaga eta Sustrai Colina gazteekin bertso afaria izan zen Balentiña jatetxean. Zumarraga eta Urretxuko Bertso Eskolako Gorka Azkaratek esandakoaren arabera «gure aurreikuspen baikorrenak motz geratu ziren bertaratu zen jende kopurua ikusita. Jendeak oso gustura entzun zituen bertsolariek botatako bertsoak eta, saioa gaueko ordu txikietara luzatu zen arren, jendeak penaz aldegin zuen jatetxetik. Bertsolariak ere oso gustura aritu ziren kantuan eta oso pozik aldegin zuten Zumarraga-Urretxutik, berriro hemen kantatzeko irrikaz».
Asteburu honetan ere izango da bertsoez gozatzeko aukerarik. Izan ere, ostiral gauean eta igande arratsaldean zeresana emango duten bi emanaldi eskainiko dituzte bertso eskolakoek. Ostiralean, bertso sorten kantaldia izango da Gaztelekun, 22:30etik aurrera. Kantaldi honetan bertso eskolako kideek eta herriko zenbait musikarik hartuko dute parte eta Bertso Eskolakoek sortutako bertsoak kantatuko dira. Azkaratek esandakoaren arabera, saioan zehar zenbait sorpresa ere izango dira.
Igandean, berriz, haurren txanda izango da: Bertso Eskolako gaztetxoek "Non dago bizikleta?"antzezlana taularatuko dute Urretxuko Labeaga Aretoan, 17:00etatik aurrera. Gorka Azkaratek azaldu duenez, aurtengo ikasturtean Zumarraga eta Urretxuko Bertso Eskolan izena eman duten 15 gaztetxoek parte hartuko dute ikuskizun honetan. «Beraientzat erronka handia izan da elkarrizketak ber-tsoz garatuko dituen antzezlan hau sortu eta eskenatokira eramatea. Antzezlan honetan ere herriko zenbait musikariren laguntza izango dugu. Bertso Eskolako Umorea ez da faltako, ezta azkeneraino argituko ez den misterioa ere».
Gaztetxoek eskainiko duten ikuskizun honetarako sarrera doan izango da. Dena den, lekua mugatua denez, "Non dago bizikleta?" antzezlanaz gozatu nahi dutenek Kultur Etxetik pasa beharko dute ostegunean edo ostiralean txartelak hartzera. Bi egun hauetan txartel guztiak banatzen ez badira, geratzen direnak ekitaldi egunean banatuko dira Labeaga Aretoan bertan, 16:30etik aurrera.
Aurtengo "Martxoan, ber-tsoa!" ekitaldi sortako azken saioa apirilaren 15ean izango da, 15:00etan, Zumarragako Zelai-Arizti aretoan. Bertan Zumarraga-Urretxuko Eskolarteko XVIII. Bertso Paper Lehiaketako sari banaketa ekitaldia izango da.Gorka Azkarate eta Bertso Eskolako gainontzeko kideak oso gustura dira "Martxoan, bertsoa" ekitaldi sortaren hirugarren edizioak izan duen harrerarekin. «bertsoa hedatzen ari da pixkanaka Zumarraga-Urretxun eta azken boladan erreferente bilakatzen ari gara probintzia mailan». |