Informatika arloan euskararen erabilera sustatzeko, diru laguntzak eskainiko ditu aurten Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Batetik, 60 euroko diru laguntza jasoko dute euskarazko informatika programak erosten dituztenek. Bestetik, 60 eta 100 euro bitarteko laguntza, web orriak euskaraz sortzen, eguneratzen edota hobetzen dituzten enpresa eta merkatariek.
Diru laguntza eskaerak Euskara Zerbitzuan aurkeztuko dira eta ezinbestekoa izango da laguntzaren eskatzaileak Ordizian bertan egoitza soziala eta fiskala edukitzea. Diru laguntza eskatzeko inprimakiarekin batera, gastuen jatorrizko ziurtagiriak aurkeztu beharko dira. Web orrien kasuan, diruz lagunduko den memoria edo txostena agertzea halabeharrezkoa izango da. Diru laguntzak emateko garaian, hizkuntzaren kalitatea ezinbestekoa izango da.
Kopuru zehatzak
Udalak web orria euskara hutsean jartzen duenari 100 euro ordainduko dizkio, bestalde web orriko hasiera orria euskara hutsean eta gainontzeko euskaraz eta beste hizkuntza batean jarriz gero, 80 euroko laguntza emango zaio. Hala, web orria euskaraz eta beste hizkuntza batean jartzen duenak 60 euro jasoko du. Diru laguntzak jasotzeko aukerarik gabe geldituko dira eduki iraingarria edota pertsonen eskubideen aurkakoak izan daitezkeen web orrialde hauen egileak. Webgune pertsonalek eta irakaskuntzari lotuta dauden erakundeek ere ez dute jasoko dirulaguntza hau. |