Bizkaiko 17 udalerri eta hiru mankomunitateren ekimen bateratua den "Zeurea da aukera: jarraitu euskaraz!" kanpainaren xedea da DBHn euskaraz ikasi duten gazteek hortik aurrerako ikasketak ere euskaraz egitea.
Horrela adierazi zuten atzoko agerraldian Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusi Gotzon Loberak eta Bilboko Euskara zinegotzi Ana de Castrok. Era berean, Luis Prietok ere ekitaldian hartu zuen parte. Athletic-eko jokalaria Lanbide Heziketa euskaraz ikasitakoa da eta bere esperientziaren berri eman zuen.
Batxilergoan eta Lanbide Heziketan aurrematrikula egiteko epea atzo hasi zen eta hurrengo hilabetearen 6an bukatuko da. Alkarbide bilguneak koordinatu du kanpaina eta honen sustatzaile diren udalerrietan 665.000 lagun inguru bizi dira eta udalerri horietako 7.200 gazte inguruk jasoko dute kanpainaren berri euren etxeetan. "Zeurea da aukera: jarraitu euskaraz" lelopean, «DBH euskaraz ikasi duten gazteek, hortik aurrerako ikasketak ere (batxilerra eta lanbide heziketa) euskaraz egitea da xedea», adierazi zuen atzo Ana de Castrok.
Abadiño, Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbo, Elorrio, Enkarterri, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gordexola, Iurreta, Markina, Muskiz, Urtuella, Txorierri eta Uribe Kosta dira kanpainaren partehartzaileak.
7.200 ale banatuko dira
Gutxi gorabehera, kanpainaren sustatzaile diren udalerrietan bizi diren 7.200 gazte inguru izango dira liburutxu baten hartzaileak. Honetan azaltzen dira euskaraz ikasteko abantailak. Hala ere, banatuko diren osagarrien artean opari-txo bat eskuratuko dute: sakelakoa eskegitzeko xingola bat. Horrekin batera, liburuan aurkituko dute Luis Prietok idatzitako gutun bat. Honetan, ikasleak euskaraz ikasten jarraitzera animatzen ditu.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusi, Gotzon Loberak adierazi zuenez, DBHn eta Batxilergoan 4.600 ikasle galdu egin dira. «2001-2002 ikasturtean 42.191 ikasle zeuden eta aurten, bakarrik 37.413 daude». |