Salda esku artean Aretxabaletako taberna erdi huts batean. Goizeko 9.45ak. Ez da izango festa bati heltzeko modurik onena, baina atzoko etengabeko euri jasak zerbait beroa eskatzen zuen. Taberna barruan bero eta kanpoan, Leintz bailarako herri dotoreko kaleetan, euritakoen dantza. Ttipi ttapa alde batetik bestera jabeen urratsen erritmora.
Ez euria eta ezta hotza ere, ez dira euskaltzaleak kokiltzeko nahikoa arerio. Biak ala biak Leintz bailarako Arizmendi ikastolak antolatutako Kilometroak05 festa zapuzten ahalegindu ziren. Ez zuten lortu. Ia 100.000 lagunek egin zuten bat ikastolen mugimendura biltzeko deialdiarekin.
Jende andana hurbildu zen Aretxabaleta herritik abiatu eta, inguruko elizateetatik zor-tzi kilometro eta ehun metro ibili ostean, herrian bertan amaiera zuen zikuitoa betetzera. Egun pasa batzuk. Ume zein bikotearekin. Parranda egiteko beste asko. Eskolako zein herriko adiskide eta lagunekin.
Goizeko 9:30ak inguru eman zitzaion festari hasiera ofiziala. Ekitaldian izan ziren Hezkuntza sailburua, Tontxu Campos, Jaurlaritzako bozeramailea, Miren Azkarate, Gipuzkoako diputatu nagusia, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Leire Ereño, EAEko Legebiltzarreko presidente Izaskun Bilbao, edota Juan Mari Atutxa. Alberto Iñurrategi mendizaleak eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko presidente eta Leintz bailaran egin zen 1981eko Kilometroak-en koordinatzaile Jose Ramon Zubizarretak moztu zuten zinta.
Euskararen normalizazioan urrats irmoak emateko beharra azpimarratu zuten politikoek eta behin zinta moztuta zela, lokaztutako zirkuitoari itzulia eman zioten.
Arizmendi ikastolako lagunek prestatutako zortzi gunetan egon zen zer ikusi eta zer egin. Eguraldi kaskarrak ekitaldiren bat bertan behera gelditzea lortu bazuen ere, gehienak mantendu egin ziren. Horrela, gazteek kontzertu andanarekin gozatzeko aukera izan zuten: Afrika, Surfin Kaos, Kaotiko, Brigada kriminal edota Sorkun.
11:30ean, Aretxabaletako Akordeoi Orkestra jotzen hasteaz batera, euriak amore eman behar zuela ematen zuen. Euritakoak bildu egin ziren. Praketako poltsikoetan eskegita edota motxilen barruan ezkutatuta gelditu ziren. Baten batek ere txoko batean ahaztuta laga zuen. Gerora damutuko zen. Ordu erdi besterik ez zuen iraun treguak. Gero, berriro ekin zion euritako eta zelaiak bustitzeari. 11:45ean, Almen gunean, omenaldi ekitaldia egin zen. Han, ikastolaren alde lan egin duten hainbat lagunen eta erakunderen lana txalotu zuten. Bide batez, datorren urtean Kilometroak antolatuko duen Oiartzungo ikastolari pasatu zitzaion lekukoa. Dagoeneko lanean dira hurrengo urteari begira.
Ekitaldi Nagusia, berriz, laugarren guneak hartu zuen. Urkulu izenekoak. Erabat lokaztutako zelaian bildu ziren ehunka lagun, ikaslez, irakaslez eta gurasoz osatutako taldeak eszenifikatutako OIA kantua eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak zabaldu gura zuen mezua entzuteko gertu. Euskal familiek ikastolen mugimenduan egin duten lan guztia eskertu zuen elkarteko presidente Jose Ramon Zubizarretak.
«Jai arrakastatsua izan da»
Arratsaldeko lehen orduetan egin zuten balantzea Arizmendi ikastolako lagunek. Pozik ziren. Gustura. «Jai arrakastatsua izan da. Euria lagun milaka euskaltzale bildu dira guk egindako deialdira. 100.000 lagun baino gehiago biltzea zen gure asmoa, baina izan dugun eguraldia ikusita, pozik gaude lortutakoarekin, kopuru horretatik gertu izan baikara», adierazi zuten DEIAk kontsultatutako antolakuntzako iturriek.
Bi helbururekin abiatu zen Kilometroak-en aurtengo edizioa duela urte eta erdi, eta biak gainditu dituztela jakinarazi zuten aipatutako iturriek. «Xedeetako bat dugun zorra arintzeko nahikoa diru lortzea zen eta hori bete dugu. Bestalde, Kilometroak-en eguna bukatu den arren, denbora guzti honetan landu dugun elkarlan proiektua elika-tzen eta indar-tzen jarraitu nahi dugu. Bihartik hasita hainbat ekimen bul-tzatuko ditugu», esan zuten. |