|
|
|
Rementariñeren marka hobetu beharko du gaur Andrakako irabazleak
|
 |
|
Andres Osa, "Sakona" Bilbo
|
 |
Gaur amaitzen dira Andrakako probalekuan pisu neurtuko idi demak eta bertan Sistiaga, Anitu Egurrak Elkartea eta Chausonen uztarriak ariko dira. Orain arteko marka onena Rementariñe Tabernako idi pareak egina du, 51 untze, 1/2 eta metro bat.
Bestalde Errezilen bost harrijasotzailek neurtu zituzten euren indarrak bertan duten harri baldarrekin antolatutako lehiaketa. 123 kiloko harriarekin hiru minutuko bi txanda zuten lanerako eta denbora horretan leporatze gehien egin zuena Joxe Ramon Iruretagoiena "Izeta II.a" izan zen (24 jasoaldi). Ondoren, Ostolatza eta Saralegi berdinduta gelditu ziren, 23 leporatzerekin. Laugarren "Izeta III."a (14 jasoaldi) eta azkena Urtzi Telleria, (10 leporatze).
Aizkoran, berriz, Etxarri Aranazen jokatu zen Nafarroako aizkolarien kanporaketan Nazabal izan zen onena bi kana erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebakitzen 12 minutu eta 34 segundo emanez. Ondoren Mikel Mindegia, Donato Larretxea, Jose Juan Barberena eta Antonio Senosiain sailkatu ziren. Hauek finala jokatuko dute azaroaren 18an Donezteben. |
|