"BASETXEA GORI-GORI", espainiar Estatuan edizio gehien egin dituen reality arrakasta-tsua, gaur hasiko da, "Goenkale"ren ostean. 16 lehiakidek ekingo diote abenturari eta, beste behin ere, Julian Iantzi izango da guztien gorabeheren lekuko eta aurkezle fina.
"Basetxea gori-gori", Globomedia ekoiztetxeak Euskal Telebistarako egin duen zazpigarren edizioa da eta, zalantzarik gabe, guztietatik gogorrena izango da.
Oraingo honetan, 16 "ausartak" Bizkaiko burdingintzan protagonista izan ziren Triano mendietan barrena ibiliko dira, duela 100 urte inguruko meatzarien bizi baldintzen antzera.
Abenturaren protagonistak
Kepa Uriarte, Iñaki Saenz, Aitziber Mayo, Garaxi Lurburu, Nagore Artea, Aritz Laka, Amaia Gobilla, Aitor Castro, Egoitz Garmendia, Jabier Abrisketa, Ziortza Ulaiza, Amaia Puertas, Ane Nevado, Aitor Iriondo, Aitor Dorronsoro eta Amagoia La Cruz dira saioko lehiakideak. Zortzi neska eta zortzi mutil, lau taldetan banatuta eta galduta Galdames herriaren inguruan. Bakoitzak ibilbide ezberdin bat egin beharko du "Dolores" meategira ahalik eta azkarren iristeko eta "Basetxea gori-gori"ko abentura krudela hasteko. "Dolores" izeneko meategi hori orain ehun urte meatzariek ustiatu zuten kobazuloetako bat da eta, hemendik aurrera, lehiakideen babestoki berria bihurtuko da. Beraiek jakingo ez duten arren, sekulako garrantzia izango du ahalik eta azkarren iristea kobara, ailega-tzen diren ordenaren arabera, aberatsago edo pobreago biziko direlako. Dena dela, hara iritsi bezain pronto, ezusteko galanta hartuko dute, motxilak utzi eta garai bateko meatzarien antzeko arropak jantziko beharko dituztelako.
Lehen saioan, lehiakideen aurkezpena egingo da eta ba-tzuentzat berehala hasiko da bidegurutzea, adibidez, Dorronsororentzat, bere ingurukoei erakutsi nahi dielako prest dagoela egoera gogorrei aurre egiteko. Gaurtik, eitb.com-en "Base-txea"k bere webgunea izango du eta lehiaketa eta lehiakideen nondik norakoak bilduko ditu. |