«Gaur egun familia giroan lehen baino dezente gutxiago irakurtzen da» Erramun Osa Ikastolen Konfederazioko kidea
|
|
Kezkak, gazteen artean gaur egun irakurtzeko dagoen zaletasun eskasak sortutako ezinegonak, jarri du oraingoan abian Ikastolen Konfederaziaren egitasmo berri bat. Erramun Osak atzo gogoratu zuenez, euskararen erabileraren alde, bai ikastegietan eta baita hortik kanpo ere, ahalik eta urrats gehien eta eragingarriak egitea da ikastolen helburua. Testuinguru horretan kokatzen den gazteei zuzendutako Euskaraz Bizi proiektuaren harira ikusi du argia atzo Bilbon aurkeztu zuten egitasmoak.
Irakurzaletasuna sustatzea du xede, Elea argitaletxearekin elkarlanean, Ikastolen Konfederazioak abiarazi berri duen Atari bildumak. Fernando Morillo da hurrengo urteetan segida izango duen egitasmoaren lehenengo alearen egilea: "Idoiaren agenda/Gariren agenda".
«Niretzako irakurzaletasuna ez da obligazio bat, zenbaitetan hori ematen badu ere. Ikusten ditudanean gazteak eta ez hain gazteak liburu bat esku artean daukatela eta lehenengo orrialdetik ez dutela aurrera egiten, niretzako hori porrot moduko bat da. Eta, aldiz, liburu bat esku artean hartzea eta lehenengo aldiz azkenera arte iristea eta ibilbide horri ekitea, nire ustez, garrantzi handikoa da benetan aurrera egitea nahi bada euskararen erabileran eta elikadura prozesu horretan», adierazi zuen Erramun Osak.
Gazteak atzo lehen urratsa eman zuen egitasmora eta, oro har, euskararen mundura erakarri nahi ditu Ikastolen Konfederazioak. Ez zaie, ordea, erraz gertatuko. Garbi dago, Fernando Morillok berak atzo gogorarazi zuenez, gazteek ez dutela irakurtzen. «Ez bazaie mailu batekin jarduten ez dute liburu bat hartzen», azaldu zuen.
Gakoa, familia giroan
Erramun Osaren esanetan, «Hezkuntzari leporatzen zaizkio halako eta bestelako kontuak bideratu beharra. Gazteek gutxi irakurtzen dute, bai, baina horretaz gainera, familia giroan ere lehen baino dezente gutxiago irakurtzen da», esan zuen. Osaren aburuz, gazteek ez dute euskara gehiago erabiliko horrela egin behar dutela esaten dietelako. «Euskerarekiko atxikimendua ikusten badu, mundu hori erakargarri zaion neurrian, hurbilduko da gaztea». Berdin liburuetara. |