«BETIERE, su-etena beranduegi helduko da». Horrela zioen atzo Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak. Beranduegi, bai, euskal gizartearentzat, lehenik eta behin, eta honen barruan bortizkeriaren ondorioak jasan behar izan dituztenentzat; beranduegi, halaber, Euskadirentzat herri bezala eta nazio eraikuntzari dagokionez, ETAren presentzia pizgarria baino lasta izan baita dudarik gabe; beranduegi ezker abertzalearentzat bere osotasunean, Aralar barne, ez direlako gutxi izan, ezkertiar eta abertzaleak izanik, mugimendu horretatik nazkaturik alde egin duten herritarrak. Aralar barne, diot, askorentzat egun alderdi honen kide direnak gehiegi berandutu zirelako ETAri ezetz borobila esateko orduan. Eta ezkertiar eta abertzale haiek beste leku batzuetara jo zuten aterpe bila, boto-emaile gisa, batzuek abertzaletasunaren ildoa lehenesten, besteek ezkertiartasunarena.
ETAk armak uzten dituenean, horiek guztiak "etxera" itzuliko direla espero bide dute ezker abertzalean. Horretarako, betiko "etsaiak" baino, beste alderdi abertzaleak eta ezkertiarrak dira "agerian" utzi beharrekoak. Zabaletak su-etena beranduegi helduko dela dio eta hori jadanik berandu dela esatea da. Gauzak gehiago okertzea ala ez, beraien eskuetan dago. |