Euskara juridikoak azken urteetan emandako emaitza oparoak euskarazko lanbide juridikoan diharduten guztien esku jartzea helburu, atzo ospatu zen Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkunean Euskara Juridikoaren I. Eguna. Euskarazko argitalpen juridikoen erakusketa zabaltzeaz batera, "Bidegileak 34" bildumaren eta "Hizkera Juridikoa eta Itzulpengintza: euskararen norabideak" liburuaren aurkezpena ere egin zuten. Deustuko Unibertsitatearen Euskal Gaien Institutuak eta Abokatuen Bazkuneak egin dute bat ekimena antolatzeko.
Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko dekanoak; Jesus Sagasti Justizia sailburuordeak; Andres Urrutia Euskal-tzainburuak; Santiago Larrazabal Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko zuzendariak; Jon Urrutia Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak, eta Gontzal Aizpuruak aurkeztu zuten ekitaldia. Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuko behesolairuan zabaldutako euskarazko argitalpen juridikoen erakusketa aurkezteaz batera, arlo honetan aitzindariak izan ziren Nazario de Oleagaren (1884-1961); Hipolito Larrakoetxearen (1892-1976); Jesus Maria Leizaolaren (1896-1989), eta Bonifazio Etxegarairen (1878-1956) biografiak bil-tzen dituen "Bidegileak 34" bilduma ere agertu zuten. «Legelari euskaldunok berreskuratu behar dugu gure historia. Urria, txikia, motza esango lukete batzuk, baina, aldi berean, erakusgarria», esan zuen Urrutiak. |