|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Zorionak
|
|
Xabi Larrañaga
|
|
 |
Bilboko Kafe Antzokiak hamar urte. Zorionak. Zinez. Iritziak iritzi, lezio ederra eman duzue. Erdaldun gehienak eta zenbait euskaldun nazkatuta gintuen euskarak erakutsi ohi duen ia estetika bakarrak. Nekatuak ginen, eta gogaituak gara, euskal gune, jai eta antzekoetan kolore bakarreko errebindikazioak irensten, ideologia bakarreko txapa pairatzen, denok ezagun dugun mamu fosilizatu hori hormetan eta barretan behin eta berriz soportatzen.
Grafito, pintada, kartel, lema, pankarta, deialdi, argazki eta antzekoek osatu dute euskal paisaia, eraiki dituzte euskal guettoaren harresiak, urrundu gaituzte, ezinbestean, gizarte erdaldunetik eta indarkeriaren aurrean itsuarena egin nahi ez duen edonorengandik. Bakan batzuen grebek, borrokek, oihuek eta manifestuek margotu dute euskal zerua. Zuenean ez. Zuen komunetan ez dut behin ere mehatxurik, marrazki edo pegata kafrerik ikusi. Zuen zerbitzari eta kamareroen kamisetetan ez dut sekula min egin didan mezurik irakurri. Zorionak eta mila esker.
Ez nago adierazpen askatasunaren aurka. Eta ez nago balizko euskal estetika baten aurka. Eta ez nago hainbat arlotan nagusi den irudi militante hori debekatzearen alde. Baina erdaldun gehienek eta zenbait euskaldunek erre, edan, dantzatu, ligatu eta musika ona entzuteko zuena bezalako lekua behar genuen: plastada politikorik gabekoa eta batez ere plastada etarroiderik gabekoa.
Hamar urte igaro dira. Lezio ederra eman duzue eta beste askok ez dute ikasi. Euskal estetika ludikoa oraindik izugarria baitzaio terrorismoa gorrotatzen duenari. Eta aspergarria bere batasuna -barkatu- edo itxura uniformatua dela eta... Eta Vaya Semanitari esker jada barregarria. Zorionak, bai. Eroso sentitu gara. Gorbatadunak zein gorbata gabekook. Ez da gutxi. Eta zuena negozioa bada, niri bost. Durangon zer da musu-truk? |
|