 |
|
|
 |
Andoni Egañak laugarren txapela lortu zuen igandean. Artxiboko irudia |
|
|
|
«Lau txapelak etxean dudan bitrina batean ditut jarrita, baina ez oso ikusgarri»
|
|
Andoni Egaña Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea
|
 |
|
Sandra Atutxa Bilbo
|
 |
ZARAUZTIK Donostira; Donostiatik Zarautzera berriz bueltan eta bazkaldu ondoren autoa hartu eta Galdakaora, ETBko ‘‘Pásalo’’ saiora. Ia arnasa hartzeko ere denborarik ez zuen izan atzo Andoni Egañak, azken lau txapelketako irabazlea. Neke-neke eginda, baina gustura zegoen a-tzo arratsaldean bertsolaria e-txerantza zihoanean. «Esnatu naizenetik toki batetik bestera ibili nahiz, ezertan pentsatzeko astirik ez dut izan», esan zuen a-tzo txapeldunak.
Goiz-goizetik hasi zen berarentzako eguna. Seietan altxatu egin zen jakinda egun gogorra izango zela. Komunikabide guztiak genbiltzan bere hitzen atzetik. Andoni Egaña laugarren aldiz Bertsolari Txapelketaren garaile izan da. Txapelketaren historian txapel gehien irabazi duen bertsolaria da, hain zuzen ere. Igandekoa, egun historiko izan zela azpimarratu zuen zarauztarrak. «Eszenatokian gaudela ez gara konturatzen zenbat jende daukagun aurrean. Izugarrizko ardura da, dudarik gabe», esan zuen Egañak.
Lehenengo eta behin, zorionak Andoni.
Eskerrik asko.
Pozik?
Oso pozik.
Dagoeneko, denbora izan duzu zerbaitetan pentsatzeko?
Pentsatzeko? Gaur ez dut ezertarako astirik izan. Igandeko finala aztertzea gustatuko litzaidake baina ez dut astirik izan.
Goizeko partean, arratsaldekoan baino hobe?
Goizean gustora ari nintzen, baina distirarik gabe. Nire lagunak, lauk zehazki, ondo ikusten ninduten. Arratsaldean, buruz- burukora uste nuen baino arinago heldu nintzen. Orduan hasi nintzen pentsatzen: «Uste bezain erraz libratzen ari zara, Andoni!».
Zure burua garaile ikusten zenuen?
Goizeko saioaren ondoren gustora nengoen banekielako erridikulua ez nuela egingo. Dezente ondo ari nintzela ikusten nuen. Arratsaldean berriz, gero eta sueltoagoa ikusten nuen neure burua, edozein plazatan banengo bezala kantari, lasai, eta buruz-burukoa iritsi zenean, denak komentatzen zidaten: «Andoni, segi beharko duzu!’».
Eta buruz-burukoa hasi zenutenean?
Hasiera batean, Unai oso ondo aritu zen baina momentu batean ikusi nuen gai batean pixka bat emozionatu zela edo joan egin zela... Txapelan pentsatzen hasi nintzen azken lau bertsoak baino lehen.
Aurtengo maila altua izan da, ezta?
Bai noski. Baina gauza bat esango dizut. Nik badakit final hau hamabost egun barru errepikatuko balitz zortzigarren egin zuena izan litekeela bigarren edo hirugarrena... edo-eta sailkapenean lehengo postutan gaudenok, alegia ni, izan nitekeela seigarren edo zazpigarren, baina lasai, lasai...
Saio osoan zehar alai sentitu zinela adierazi zenuen txapelketa bukatu ondoren. Garrantzitsua da alai sentitzea, ezta?
Funtsezkoa da, dudarik gabe. Azken batean, hau guztia alai egotekoa da. Hainbeste euskaldunen aurrean zure lanarekin gozatzen ikusteak izugarrizko poza ematen du. Horrez gain, Bertsozale Elkarteak egindako lana ere goraipatzea beharrezkoa ikusten dut. Dena ederki irten da.
Zer sentitu zenuen zure izena entzuterakoan?
Poza. Baina gauza bat esango dizut. Unai Iturriagaren izena en-tzun izan banu ere, poz handia hartuko nuke.
Bai, ezta?
Nire laguna da. Ba al dakizu zure lagun batek txapeldun izateak ze pozgarria den?
13.000 mila lagun zutik jarri ziren txaloka BEC-en. Emozioa kontrolatzea zaila izango da...
Oso zaila da. Gainera ez gara konturatzen aurrean hainbeste jende daukagunik. Saiatzen gara hori mentalki gainditzen. 13.000 pertsona asko dira eta horretan pentsatzen hasten bagara agobiatzea normala da.
Lau txapeletatik zein da zuretzako bereziena?
Bereziena, txapela bera baino, niretzako saio bereziena, lehenengo finalera sailkatu nintzen eguna izan zen. Bilboko La Casillan egin nuen saioan.
Zergatik izan zen hain berezia?
Momentu hartan konturatu nintzelako bertsolari izan nintekeela. Hura izan da niretzako txapelketa bereziena.
Lortu duzun laugarren txapela nori dedikatu diozu Andoni?
Amari eta beste partaideen amei ere bai.
Ordu askoko saioa izan zen eta gurasoak urduri samar egongo ziren.
Horrela da. Txapelketara joaten gara ez bakarrik lehia gustatzen zaigulako edo ez zaigulako gustatzen, baizik eta Bertsolari Txapelketa proiektu baten parte delako, eta guk gure burua proiektu horretan ikusten dugulako.
Zeuok sufritzera ohituta zaudete.
Bai, tentsioa hor dago. Txapelketan parte hartzen dugunok sufritzera ohituta gaude baina gure amek, aitek... oraindik gurekin sufritzen jarraitzen dute eta horiek ez daude ohituta. Horregatik, aurtego txapela eurentzako izan da.
Bitxikeri moduan, Andonik zein lekutan ditu jarrita lau txapelak? Leku berezi batean al dituzu? Begi-bistan?
Etxean dudan bitrina batean ditut jarrita lau txapelak. Baina ez pentsa oso ikusgarri ditudala. Txapelak oso politak izaten dira baina niretzat garrantzitsuena txapelari begira geratu baino gehiago, bihar (gaurko) Azpeitian dudan bertso saioa ondo egitea da.
Emakume bakarra izan dugu aurtego finalean. Egon badadaude bertsotan aritzen direnak baina... Animatu behar dira ezta?
Animatuta daude. Gainera neskek gu gaineko maila daukate, gertatzen dena da aurten zortzikotean Maialen izan dela emakume bakarra. Amaia Agirre ere finaletik oso hurbil geratu zen. Ziur nago ikusiko dugula final bat non zortzitik bi edo hiru emakumezkoak izango diren.
Tabakoaren lege berria dela eta... nola egingo duzu hurrengoan txapelketan erre gabe?
Ba, legea beteko dut nik.
Erretzen duzu urduria zarelako?
Bai, urduria naiz. Kafea ere asko edaten dut egunero. Hamar edo hamabi. Korrikan ere hainbat kilometro egiten ditut, telebista ere asko ikusten dut... Ez dakit nola baina dena egiteko denbora ematen dit.
Beno, beno... baina ahotsarako erretzea ez da ona izango.
Bakoitzak ikusiko du bere aho-tsaren kalitateak zenbateraino ematen duen ala ez.
Eta orain oporrak?
Ez, ez. Bihar (gaurko) goizeko seitan altxatuko naiz. Normalean egiten ditudan lanak egingo ditut, Txapelketa dela-eta atzeratu ditut pixka bat, eta horiek aurrera atera behar ditut.
|
|
«13.000 pertsona asko dira eta horregatik mentalki gainditu behar dugu ez agobiatzeko» «Bilboko La Casillan izandako finalean konturatu nintzen bertsolaria izan nintekeela» «Txapelan pentsatzen hasi nintzen azken lau bertsoak heldu baino lehen»
|
|
|