|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Euro bat
|
|
Belen Aizpurua
|
|
 |
Tiobiboak non jartzen zituzten gogoan dut. Zeintzuk ziren, berriz, ez dut horren argi. Kateak bai, din-dana ere gogoan dut; baina, batez ere, autotxokeak gogoratzen ditut, horiek ziren gehien gustatzen zitzaizkidanak: txiki-txikitan aita edo osabaren batekin ibiltzen nintzen -artean adinik ez nuenean bakarrik ibiltzeko-. Geroago, lagunekin. Fitxak erosi, eta jende gutxien egoten zenean ibiltzen ginen, bidaia luzeenak orduantxe izaten ziren eta.
Zaletasun hori aspaldi gelditu zen erdi aparkatuta, norberaren autoan mantso eta ziur joan behar horregatik. Hala ere, A-8ren agintea dutenei -Gipuzkoa eta Bizkaiko Aldundiei- eskertu nahi diet aspaldi honetan antzinako plazer hori berriro hartu izana.
Lanera, zenbaitetan Bilbotik Donostiara joan behar izaten dut. Orain dela sei/zazpi hilabete arte, nahiko segurua eta gehienetan aspergarria ere izaten zen tarte hori. Aldaketa apur-apurka hasi nintzen nabaritzen, lanak ere horrela hasi zirelako. Hirugarren bidea egiteko, omen. Orain, ordea, ibilbide osoan daude lanetan.
Gaurko egunean, bidaia egun argitan egin behar ez dudanean, imajinatu ere ezin da egin gidatzeak zelako poztasuna sortzen didan. Izan ere, eguneroko sorpresa da zenbat lan seinale topatuko ote ditudan asmatzea. Gaur adibidez, bost tramotan aurkitu ditut: Zornotza inguruan, Zaldibarreko tunel sarreran, Eibarren, Itziarren eta Zumaia inguruan. Eguneroko sorpresa da lehenaren ia erdia den karril estuago hori nondik desbideratu duten: herenegun ezkerretik egiten zena atzo erditik eta gaur eskuinetik egin dezaket. Autotxokeetan ibiltzea modukoa da, arrisku sentsazioa etengabe: bolante-kolpeak, -bidea aldatu dutelako eta ez dagoelako ondo markatuta-, petrila eta aurrera-tzera zoazen autoaren artean sartuko zaren... Emozioa momentu guztietan
Eskertuta nago, gaztarora itzultzea izan da, autotxokeetara, eta dena aginte publikoei esker. Froga dezakezu Amorebietatik Bilborako bederatzi kilometroetan edo edozein bi irteeren arteko tramotan. Jakin lagun, euro bat ordainduta ez dagoela orain hamar minutuko bueltarik inongo tiobiboan. |
|