|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Gorte (IV)
|
|
Julen Gabiria
|
|
 |
San Frantziskon egitea gustatzen zaizkidan gauzen artean, gozagarriena Bere-bar tabernako tea hartzea da. Atsegin dut, baita ere, San Frantzisko kalean behera noala, eskumako espaloitik joatea, droga-saltzaile gehien dagoen lekutik, albotik kostoa zelan eskaintzen didaten entzuteko. Niretzat ere urteak aurrera doaz (horren froga da nire mugikorrera ez dela heldu megabotelloirako deialdirik), baina beltz horiek euren materialaren kontsumitzaile potentzialtzat hartzen naute, eta hori arrazoi nahikoa da euren artetik pasatzeko. Hainbeste gustatzen ez zaidan ekintzetako bat Gorte kaletik paseatzea da. Jendez hustutako kalea da, putetxe mitikoen itzal eta hondarrak biltzen dituena. Duela urte batzuetatik hona, Zabalburutik Atxurira doazen autoak hortik pasa-tzen dira, gidarien gozamenerako: inoiz ez dituzte hain gertu ikusi kale horiek, eta begiak galtzen zaizkie miseriaren bila, autoen kristal seguruen atzetik. Kontua ez da, beraz, desatsegina zaidala bertako giroa, ezpada nazka ematen didala autoz pasatzen direnen begirada adurtia, sentituko balute bezala National Geographicen dokumental batean edo prostituzioari buruzko kamera ezkutuko erreportaje batean daudela.
Baina, nazkaz gain, pena ere nagusi-tzen zait. Tomás Meabek kale honetako pertsonaien galeria egin zuen, eta hortik ezagutzen ditut María "La Templada", beti gizonekin borrokan ari den marimutila; "La Gangarrona", Maríaren etsaia, portuan bakailaoa deskargatzen zuten emakumeen burua izandakoa; "Pedín", hiltzen dakiten hamahiru urteko mutikoen kapitaina; "La Mamona", ezpain lehorreko ilehori frantses lodia, gizon guztien irainen jopuntua; "La Estrella", argalegi geratzen ari den beltzarana, etengabe jipoitzen dutena; "Pimpinito", zaborrez zabor usnaka doan atsoa, bera ere zabor itxurakoa. Orain dena da arrastoa, dena hondarra eta neoi amatatuak. Etxeak berez ari dira jausten, eta, galeria horretatik, gauzarik txarrenak baino ez dira geratu: emakumeei jipoiak ematen dizkieten gizonak, hiltzen dakiten umeak, zaborrez egindako pertsonaiak. Ezer gu-txi gehiago. Nazka eta pena, besterik ez. |
|