|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Denboraz
|
|
Yolanda Arrieta
|
|
 |
Betidanik liluratu nau denboraren asunto honek. Esan nahi dut, egutegiak eta ordulariak aparte utzita, bada zerbait, eskuetatik ihes egin arren, barru-barrutik somatzen dudana, une oro, egunak joan, egunak etorri.
Ez dut uste sentiberatasun berezi bati zor zaionik. Ez. Pertsona moduan hazi ahala, azalean sentitzen den zerbait da, hotzikara edo xaflada bezalako zerbait; ikusi ez arren, hor, gertu-gertu dagoen lagun ikusezin baten antzerako zerbait.
Abiadurarekin zerikusi handia dauka. "Dagoeneko San Juanak", "Ene, San Ferminak!", "Karmenak ere heldu dira", "Madalenak, laster...".
Santuek ere asko markatzen dute, zer esanik ez. Mezatara ez gara asko joaten -noizean behin baino ez, herriko festetan edota bero handia egiten duenean, aire girotuarekin bezala egoten delako, hein handi batean-, baina, bai, santu izenek rekordatorio gisa funtzionatzen dute, eta herri bateko patroiarekin gogoratzeaz bat, berehalako batean iristen zait aipatutako sentsazioa. «Redio, atzo bertan gabonetan geunden eta dagoeneko San Iñaxio atarian da».
Osasun adituek diotenez harekin batera joatea ei da onena. Hau da, berez doanari aurre egin gabe, harekin adiskidetu eta uneaz gozatzea.
Eta, behar bada, arrazoia dute. Naturalki datorrenarekin borrokatzea tontoa ez ezik, antzua ere bada. Hori badakit neuk ere. Sentsazio ikusezin horren eragina da harritzen nauena. «Denbora bizkor pasatzea seinale ona da», diote zaharrek. Behar bada, haiek ere arrazoia izango dute, baina, ba, horixe, norbere umeak norbere zapatak ondo dituela ikusteak harritu egiten nau, zer esango dizuet ba nik?
Joan ziren haiek norbere gogoan jarraitzen dute eta datozen berriak ondo-ondoan -edo parean- daude, eta horrek sentsazio bitxia bezain harrigarria izaten jarraitzen du niretzat.
Urteak joan, urteak etorri... |
|