|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Ilargia eta atzamarra
|
|
Xabi Larrañaga
|
|
 |
Amatiñoren asteleheneko zutabeak hariari jarraitzeko gogoa piztu dit. ETB1en aldeko hainbat datu eta iritzi eman ondoren, gure telebista kritikatzen dutenen aurka egiten du gupida barik. Euskal intelligentsiak ez daki telebistaz edozein hiritar arruntek baino gehiago, dio hark. Beraz, telebista egurtzen duelarik ez diogu intelligentsia horri hiritar arruntei baino jaramon handiagorik egin behar. Progreek gutxietsi egiten dute hedabidea. Ez dira batere objetiboak.
Amatiñok nahi duen eredua eta maite duen historia defendatzeko eskubidea du. Egia da ez dela erraza ditugun bitartekoez telebista mundiala sortu eta konpetentzia itzelari aurre egitea. Eta erraza da oso ETB1 besterik gabe kritikatzea. Baina kritikaria besterik gabe kritikatzea ere nahiko erraza da. Bide arriskutsua aukeratu du eibartarrak. Kritikariek elite progrea osatzen dutela esanda, badirudi herri xumeari kasu egin behar zaiola. Eta hor ere kale. Gure arazoa ez baita gaztelaniaz dutena: kritikari kultuek Aquí hay tomate astindu arren herriak ikusi eta txalotu egiten du. Hemen euskaldun gehienek, ilustratu zein analfabetoek, nahiago dute beste edozein telebista gurea baino. Harrigarria bada ere, kritikariak eta herria bat datoz. Marka da, gero.
Nonahiko erdaldunek botako dizu: futbol, bertso, pilota, dantza, "Goenkale"... ez al duzue besterik? Barre ere egiten digute maiz. Euskaldunen artean antzeko kexak eta are gogorragoak entzuten dira. Ez dugu zertan inongo intelligentsiaren partaide izan begi bistan denari erreparatzeko. Futbola kenduta argituko da zenbatek hautatzen duen ETB1. Eta, mesedez, ez pentsatu saio guztiak eta bertako langile guztien ahalegina kritikatzen ari naizena. Baina denon artean ordaintzen dugun telebistari buruz hausnartzea zilegi dela uste dut nik. Hobetu ezin bada, horratx nire proposamena: zerbitzu publikoa den aldetik behar dena eskaini eta askoz gehiagorik ez. Orobat gaztelaniazkoaz. |
|