|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
SATURRARANGO ESPETXEA
|
|
Mikel Atxaga
|
|
 |
SATURRARAN udatierren atseden lekua apaizgaien seminario bihurtu zen. Hasieran, udako oporraldirako bakarrik. Gero, mutikoen urte osoko ikastetxe. 1938tik 1944ra, emakumeen espetxe bihurtu zuten. Hortik aurrera, apaizgaien ikastetxe izan zen urte askoan. Hutsik geratu zenean, Mutrikuko Udalak eraikin zahar haiek eraistea erabaki zuen.
Gerra garaiko eta ondoko ankerkeriak bistaratzen ari diren honetan, Saturraranen espetxeraturik egon ziren emakumeen istorio tristeak eta bilauak irakurtzeko aukera izan dut. Gosea, era guztietako gaixotasunak, zigorrak eta heriotzak jasan zituzten. Bortxatutako bat baino gehiago bazen esperantzetan zeudenen artean, dirudienez. Hiru urte arte eduki ohi zituzten haurrak han, halamoduz. 1940ko udan, adibidez, 37 haur hil baitziren. Haur horietako asko falangeko emakumeen bidez aberats batzuen eskuetara joan ziren, amaren baimenik gabe eta mojek egindako iruzurraz. Badakigu itxumen beldurgarriko eta fedea ezpataz zabaldu beharreko garaiak zirela. Hala ere, emakume haiek zaintzen zituzten mojek bihotz gehiago ez izatea eta ebanjelioa hala baztertzea eskandalagarria da benetan. Komunistak eta fedegabeak zirenak mezetara joatera behartzen zituzten eta beste edozein edozer huskeriagatik mehatxatzen eta zigortzen.
Aspaldi samar jakin nuen Saturraran emakumeen espetxe izan zela. Baina emakume errukarri haien ondoren han egon ginenoi inork ez zigun hura espetxe izan zenik esan. Ezta espetxea berriro seminario bihurtzeko obrak egitera Ondarretako preso batzuk behartu zituztenik ere. Gure orduko irakasle haietan bazen abertzalerik, baita bere aita erbestean zigortua zuenik ere. Haietako inork guri ezer ez esateak frankismoaren beldurra noraino sartua zegoen adierazten du.
Saturraran ez da gaur orduko eraikinik. Mendiaren kontrako horma bat, frontoiaren aurreko horma eta pare bat taramarindo beste aztarnarik ez da. Baina mereziko lukete emakume zigortu haiek oroitarri bat bederen. |
|