|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Barearen aztarna
|
|
Xabi Larrañaga
|
|
 |
|
Terrorismoa barea da, marea da, antza urrundu, desagertu eta ez: atzean itzal nekosoa uzten du beti. Indarkeria iragana izanik ere galipot temoso eta pozoitsua dugu oin azpian, eta min kutsakorra arimaren zirrikituetan. Bakea bestea ikustea baino ez da, hori aski, baina sekula ez da izango bestea maitatzea, bestea gogoz eta txaloka onartzea, bestea ni bezain zintzo portatu dela pentsatzea. Inoiz adiskide izandakoak egun etsai isilak dira, atzo elkarrekin bazkaldutakoek gaur elkar nahiko lukete afaldu, elkar zatikatu, txikitu eta irentsi ondoren oka. Baina ez dute egingo, bakea eta gerra ezin baitira etxe berean bizi, bistan da. Bakea eta gorrotoa, ostera, bai. Garcia Lorcaren bihotza tiroz zulatu zuten eta Dali, haren aspaldiko lagun eta ametsetako maitalea, New Yorken hasi zen lanean, entzungor, mutu, enbaxadore frankistaren erretratua egiten. Max Jacob alemanek atxilo eta gas gelara zeramatela Jean Cocteauk haren adiskideei eskutitz bana bidali zien, mesedez judutar frantsesaren alde sinatu eta agintari naziei hura askatzeko eska ziezaieten. Picassok jaso eta ezetza eman zuen, eta era honetara desenkusatu: «Gutun horrek ez du ezertarako balio, ahaleginak ez du merezi, Max Jacob maiteak ez du gure laguntza behar, aingerua izaki gai da hegal eta ihes egiteko, kartzelako harresien gainetik igaro eta askatasuna berak bakarrik lortzeko». Hitz ederrak ziren, arrunt metaforiko edo ebanjelikoak, baina Hitlerrek lurrean zuen makila, ez zeruan. Sarajevon azaldu zidaten: Balkanetako genozidioak hankaz gora jarri zuen sentimenduen eskala, eta gehiago fidatu behar zuten kanpokoekin bertokoekin baino, eta etxeko atea lehenago irekiko zioten atzerritarrari auzokoari baino. Gerrak ezagunekin mesfidati eta ezezagunekin abegikor bihurtu zituen bosniarrak, alaba lankideak bortxatzen baitzuen, eta semea ikaskideak hil. Ez gara infernu horretara heldu, baina zauriek ezinbestez iraungo dute luze. Hemen adiskidetzeaz mintzo denak ez du hitzaren zinezko esanahia bereganatu, ez daki bakea egin behar dugula, ez amodioa. Gure arteko traizioak, zurikeriak eta aitzakiak gogoan ditugu, ezin sinadura epiko batez ahaztu. Ez dugu elkar egurtu behar, baina agurtu ere ez. |
|