|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
"Guernica"
|
|
Karlos Gorrindo
|
|
 |
|
Aurreko egunean Reina Sofia Museoan izan nintzen. "Guernica" koadroa ikusi nahi nuen. Ikusi bai, ikusi nuen, baina ez nuen sentitu espero nuen zirrara. Ez hotz ez bero geratu nintzen. Badakizue, urruneko intxaurrak hamalau, bertaratu eta lau. Bestalde, koadroa ez da gurea eta gurea ez dena eskatu eta aldarrikatzen ibil-tzea zentzugabea da. Argi dago ez digutela inoiz ere emango eta horretan tematzea alferrikakoa bezain gogaikarria dela. Espainiarrak edozer gauza izango dira, baina nekez egingo diote muzin urregorrizko arrautzak erruten dituen oiloari. Inoren tragediatik (haiek beraiek eragindakotik, gainera) mozkin ezin ederragoak ateratzeko besteko inmoralitatea duena papaoa ez da, behintzat. Baina pobrearen patua eskatzea da. Gureak direnak eta ez direnak erregutzera Madrilera edo Parisa joan ohi gara, eskale patetikoarena eginez. Eta eskatzen hasita, zergatik ez Mantegna italiar errenazentistaren "Kristo hila"? Euskaldunok betidanik izan dugu kristau ospea eta pertsonaia historiko horrekiko dugun maitasuna ageriago geratuko litzateke obra gurera ekarrita. Daliren "Oroimenaren iraupena" obra ezin surrealistagoak euskaldunon memoria historikoa berreskuratzen lagunduko liguke eta nor garen, nora goazen eta zer nahi dugun argi utziko liguke obra horren aldeko manifestazioak antolatu eta koadroa hona ekartzeak. Eskatzea librea da, ematea ere bai, jakina. Baina eskean hasteko edo miseria gorria edo arrazoi sendoak behar dira, eta ez sentimentalkeriak. Obra hori ez da hemengoa, ez da hangoa ere, unibertsala agian, toki izen propiorik izango ez balu. "Guernica" artelanak, gainera, ez du kolorerik. Testurarik eta forma irregularra duen koadro laua da, sakontasunik eta perspektibarik gabea. Eta gu euskaldunok perspektiba eta testuinguru kontuetan jantziak garenez, "Guernica" koadroak urrundu egiten gaitu geure benetako izaera serio, sakon, koloretsu eta multiformetik. Koadro sinboliko eta errepresentatibo dela ezin uka, baina ezin gaitezke txakur errariaren antzera haren atzetik ibili gure iragan tragikoak eragindako gabeziak eta gugan utzitako hutsune emozionalak estaltzeko, eske merkean ibilita. |
|