|
ETAKIDEAK atxilotzeak ez du bakea ekarriko, dio Batasunak. Armak lapurtzeak ez dio bakeari mesederik egiten, diote gainerako alderdiek. Kale indarkeria ezker abertzalearen kontrako erasoei erantzuna da, batzuek; kale indarkeria badago, atxiloketak izango dira, besteek. Bortizkeria desager dadin, gatazka politikoaren gaineko akordioa lortu behar da; bortizkeriak dirauen bitartean, ezin da alderdien mahaia osatu... Euskal politika beti mugidu da noria berean, non zaila den finkatzea zein izan zen lehenago, arrautza ala oiloa. Batzuk ez dira mugitzen, besteak "mugitzen" ari direlako; "mugitzen" direnek diote zerbait egin behar dutela besteak mugi daitezen. Ika-mika horretan, gizartean gero eta errotuago dago susmo bat: gatazkan hazitako zenbait politikarik gatazkaz bizi nahi dute, hortik kanpo beren gabeziak nabarmenegiak liratekeelako. |