|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Prostituzioa
|
|
Karlos Gorrindo
|
|
 |
|
Arpei-ren iritziz, prostituzioa bizibiderik denigranteena da. Ez dakit, ba! Neu ere banaiz, gainera. Putoa, esan nahi dut. Neu ere prostituitu egiten naiz eta merke, portzierto. Baina nire lanbidea ez da iraingarria. Ez du inoren begietara arbuiorik eragiten. Eskolak ematen ditut eta astero-astero iritzi zutabe bat argitaratzen didate egunkari honetan nire duintasun pertsonalak inolako erasorik jasan gabe. Nire iritzia saltzen dut eta esaldi subordinatu kopulatiboen aldaera multiformeak irakasten ditut lau sosen truke. Imanol mekanikariak ere munduko bizibide antzinakoenean dihardu goiz eta arratsalde. Bujiak aldatu, gurpil zulatuak konpondu, ihes-tutuak garbitu, horixe egiten du, eta horretarako ikatzezko eskuak erabiltzen ditu. Irene ere bizibide horretan ari da lanean. Ahoa erabiltzen du. Aho kordak tenkatu eta hots eta soinurik dotoreenak atera eta saltzen ditu elizetan, antzokietan eta udako espektakulu musikaletan. Sasoia denean, Markelek mahatsa zapaltzen du ardoa egiteko; kobratuta ere. Matilde gauero sartzen da senarrarekin ohera eta larrua jotzen du askotan senarrak "pernada" eskubidea esijitzen dioenez gero. Nereak hamar gizon ezagutzen ditu egunero, larrua jotzen du haiekin, plazerra ematen die eta plazerra hartzen du ekitaldi gehienetan. Ez dakit nik bizibide ederragorik ote dagoen lanaren truke plazer físiko mugagabea ematen duen hori baino? Bada, bestalde, munduan lanik, lan eginez plazerra ematen duenik? Liburu bat idatzi eta argitaratuta ikusteak eragin dezake eiakulazio fisiologikoaren antzeko sentsazioa, baino arantzaz jositako bidea egin behar duzu klimaxera iritsi aurretik. Ez dago plazerra ematen duen lanik, lana lana denez gero. Prostituzio fisikoak izan ezik. Arautu behar dela, horra hor gakoa! Zeren badira lanbide guztietan baldintza deitoragarri eta onartezinetan lan egiten dutenak kontratu zaborren bidez edota bere gorputza saldu behar duena egoera eta baldintza onartezinetan ahora mokadu ziztrina eramatearren. Prostituzioaren bideak ezin asmatuzkoak dira, izan ere. |
|