 |
|
|
 |
Emandako aurrerapausoak «ez dira txikiak izan», arduradunen aburuz. I. A. |
|
|
|
2007-2009 aldirako euskara plana onartu dute Bermeon
|
|
Euskara Batzordeak proposatuta, programa estrategikoa onestea erabaki du Udalak
|
 |
|
Imanol Fradua Bermeo
|
 |
Hiru urtetarako iraupena -2007 eta 2009 artean- izango duen Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoa onartzea erabaki zuen Bermeoko Udaleko Osoko Bilkurak iragan abenduaren 28an izandako azkeneko bileran.
Udalerriko Euskara Batzordeak proposatuta, Bermeon aplikatuko den hizkuntza-programa berezituak helburu berriak ezartzea bilatzen du etorkizunerako, nahiz eta «orain arte landu diren esparruetan lanean jarraitzea» den ardatz nagusietako bat ere.
«Normalizazioaren ikuspegi zabala eta osoa edukitzeko, eta helburu orokorrak eta zehatzak eskuratzeko bidean lanaren lehentasunak hobeto finka ditzagun» eratu da egitasmo berria, arduradunen esanetan. Gaur egunetik eta 2009ra arte kale izendegien eta toponimiaren esparrua, etorkinen euskaldun-tzea, enpresa eta elkarteen euskara plan berezituak, gazteen artean erabilera sustatzeko ekimenak eta belaunaldien arteko trasmisioa indartzea izango dira xede nagusiak, besteak beste.
Honetaz gain, Euskararen Aholku Batzordearen lana sendotzea, euskararen ordenantza eguneratzea eta euskalduntze-alfabetatze lana sustatzea ere bilatuko du Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoak, 2003an Eusko Jaurlaritzaren Hizkun-tza Politikarako Sailburuorde-tzarekin lankidetzan hasitako lehen programarekin jarraituz, «aurrerapauso nabarmenak» eragin zituen plangintzak.
«Urtero aberastu»
Datozen hiru urteetarako plana onartzeaz gain, Bermeoko Udalak 2003-2006ko plangintzak aintzat hartzen zituen esparru nabarmenen analisia egin du. «Aurrerapausoen» artean udalerriko 24 enpresa eta elkartek sinatutako euskararen gaineko erabileraren akordioak, gazteentzako espresuki bideratutako ekimenak, merkataritzan emandako laguntza edota atzerritarren zein gurasoei zuzendutako egitasmoak goraipatu dituzte. «Euskara Saila berrantolatu eta indartu genuen» 2003an eta «Aholku Batzordea sortu eta eragileen partaidetzarekin osotu genuen», aipatu dute arduradunek. Antolatutako ekintzen batez besteko arrakasta mailaren balorazio positiboa egin dute gainera, datuei erreparatuz gero urtero-urtero goraka joan baita. Euskara Plan zaharraren betetze-maila handia izan da azken urteetan: 2004an, ekintzen %81,3; 2005ean, %87,3; eta azkenik, 2006an %90ra igo zen. |
|