|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Bestea
|
|
Jasone Osoro
|
|
 |
|
Gaur ez nago bakarrik. Nire eskaparatean beste maniki bat jarri dute. Bitxia da zeinen arraroa sentiarazten zaituen ezezagun batek. Deseroso. Zure habitat naturala eraso izan balu bezala. Eta bitxia da, zeren, gaur egun "bestea" ez da auzoko bat izaten. "Besteak" ez du zertan herrikoren bat izan, lankideren bat, lagunen bat... Gaur egun, "bestea" munduko edozein txokotakoa izan daiteke: Urrestillakoa, Casablancakoa edo Blangadesh-ekoa. Interneti esker mugarik gabeko harremanak bizi ditugu. Urteko edozein egunetan ezagutu dezakegu munduko edozein bazterretan bizi den norbait. Bere izena jakingo dugu, agian bere nick-a edo ezizena. Akaso nolakoa den kontatuko digu, zein den bere lana, zein afizio dituen, zenbat urte... Agian kontatuko digu zein diren bere ametsak, bere frustrazioak. Triste dagoenean deituko digu beharbada, pozik dagoela jakinarazteko e-mail bat idatziko digu. Eta guk beste horrenbeste egingo dugu. Gure benetako izaera azalduz edo, batek daki, asmatutako pertsonaiaren baten azalean sartuz. Aukera hori ere ematen baitu sareak. Anonimotasun baten atzean ezkutatu eta gezurretako pertsonaia bat asma dezakegu. Izen berri bat. Itxura diferentea. Izateko era gustukoa sor dezakegu. Eta bizitza paraleloa bizi ahal dugu instant batean eta kasualitatez ezagutu dugun pertsona horrekin. Posible baita bi bizitza izatea, benetakoa eta fikziozkoa. Posible da hiru bizitza izatea, lau, bost.... Nahi beste pertsonaia, nahi beste bizi. Hala ere, pertsona bakarra gara eta izateko modu bakarra dugu. Guk nahi eta nahi ez. Horregatik izutzen gaitu aurrez aurreko harremanak. Horregatik geroz eta itxiagoak gara ezezagunen aurrean. Mesfidatiagoak. Patagonian bizi den bati gure gezurrak kontatu ahal dizkiogu, baina beldur gara egunero ikusten dugun okinari non bizi garen aitortzeko. Nik zerbait esan nahi nioke nire aldamenean jarri duten maniki honi. Baina ni plastikoz egina nago. Inbidia ematen didazue gizakiok. Eta pena ematen dit aurrez aurreko harremanetan geroz eta ikaratiagoak zaretela ikusteak. |
|