|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Oraindik ez
|
|
Pili Kaltzada
|
|
 |
Barack Obamak AEBetako lehendakaria izateko asmoa duela agertu orduko, piztu dira han eta hemen mihiluzeak. Hango eta hemengo egunkarietan irakurri ditut azken bolada honetan hautagai "izarrari" buruz idatzitakoak, eta oro har sumatzen da halako kezka orokor eta definitugabea, haren gaitasun, balio edo aukeretatik haratago doan zer edo zer, aurrez esandako guztiarekin zerikusi zuzena ez duena. Hemengo egunkari tirada handiko baten irakurri dut bere hitz guztiekin azalduta besteak ahopeka esaten ari direna, balizko zuzentasun ideologiko eta linguistikoaren aterkipean gordeta edo. Hala titulatu du egunkari horrek Obamari buruzko bere iritzi-tartea: "Lehendakari beltz baterako prest al gaude?" Ez al dut esan oraindik? Izan ere, beltza da Obama. Ikatza bezalakoa. Hori ez litzateke larria izango Lehendakaria izateko aukerak benetakoak ez balira. Bushen gerrarako gizona zen Powell ere aritu zen bitxilorea orriultzen, baina hark ez zuen halako zalapartarik sortu, ez baitzen egiazko aukera, ezta beltza totala ere.
Handik hona etorrita gauzak ez dabiltza askoz hobe. Frantziako lehendakaritzarako bozak hurbildu ahala, gero eta sorragoa da borroka hautagaien artean. Hori ez litzateke larria (ezta anormala ere) darabiltzaten armek kutsu sexista erabatekorik ez balute. Ez da lehen kasua. Gogoratu besterik ez dago Merkel Kantzilerraren anatomiako zein alderdiri erreparatu zion pren-tsak, edo Idoia Zenarruzabeitiaren galtzerdi eta takoidun zapatek negoziatu berria zuen kontzertu ekonomikoak baino interes handiagoa izan zutela kazetarientzat. Obamari buruz egunkari horrek galdetutakoa berriro erabilita, zera galde genezake: "Emakume agintariak izateko prest al gaude?".
Ez dakit zehazki non dagoen leizea, baina egon, bada. Maila teorikotik praktikara doan tartea bezain zabala da norberaren pentsamendutik pentsamendu sozialera doana. Baliteke gutariko bakoitzak etxean asko aurreratu izana, baina gizarte atzeratu eta atzerakoia izaten jarraitzen dugu. Erretorikoa zirudien galderari erantzuna zin-tzo eman nahi izanez gero, bada, biribila da beste erremediorik gabe; galdera bera egin izanak agerian jartzen baitu erantzuna: begiratu goiko esaldiari. |
|