Aspaldion errezeloa daukat ez ote dudan berba larregi egiten. Berez, mediku eta adituek horixe gomendatzen dute, ezta?, hau da, oso ona dela kontuak esatea, norbere barrua hustua, besteengana hurbiltzea, ingurura zabaltzea...
Kontua da, baina, batzuetan ustez zintzo eta zuzen sentitzen duguna-dudana ozenki adieraztean, ez ote diogun-diodan neure buruari kalte egiten. Beste era batera esanda, ez ote naizen gehiegi biluzten, eta, era berean, ez ote diodan besteari lekua eta denbora ebasten, hamarretik zortzi, norberak baino denbora gehiago behar duelako erantzuna egosten.
Txikitatik izan naiz lotsatia, eta zerbait esan nahi eta ezin horrek barrua bor-bor eta adimena eguneko berrehunen jartzen zidan. Urteekin ikasten joan naiz neure bizipenekin adiskidetzen, neure emozioak onartzen eta neure iritziak balioztatzen bere neurrian, hau da, pertsona subjektibo eta ondorioz mugatua naizen eran.
Hala ere, berba larregi egiten dudan errezeloa daukat aspaldion. Artea delako behar den lekuan esan beharrekoa esatea, baina artea delako, baita ere, behar den lekuan isiltzea, eta, ondorioz, parekoari aditzea; izan pertsona, izan naturako elementua, izan isiltasuna bera.
Honenbestez, bada, halako dieta orekatzaile bat ezarri diot neure buruari. Gaurtik aurrera, hitzaldi batera gonbidatzen nautenean, erdi eta erdi egingo dut. Inork ez duela ezer esan nahi? Ba isiluneari eusten ahaleginduko naiz, hobeto esan, isilune hori entzuten, nahiz eta bihotza danba-danba eta urdaila tximeleta dantzariz gainezka somatu. Aurrean dudan horrek zer esan nahi duen zain egoten saiatuko naiz, nahiz eta mingainari haginka egin behar, arnasa sakon hartzeko era asmatu bitartean.
Eta, zelan ez, leku intimoetarako baino ez dut utziko biluztearena, izan arropaz, izan berbaz. |