QUI prodest? Hau da euskal politikako hamaika gertaeren aurrean herritarrek euren buruei gehien errepikatzen dioten galdera. Nori egiten dio mesede ekintza honek edo beste horrek?
Era horretako azken galdera, EAJren barruan piztu den iskanbilaren kariaz sor daiteke. Nori egiten dio mesede Jon Jauregiren inguruan sortutako nahasmenak? Haizagailua martxan ipini duenak argi izango bide du noraino heldu eta zer etekin atera nahi izan duen, baina sortu dituen alboko kalteek ("daños colaterales") ondorio latzak eta, agian, atzeraezinak ekarriko dituzte.Alderdi baten barruko ohiko tirabira ikuspuntutik begiratuta, horrelako gertakariak normaltzat joko dituzte batzuek, baina kanpotik ikusita, balizko botoemale askoren iritzirako, honek guzti honek irudi penagarria ematen du.Alderdi politiko tradizionalen egiturak, funtzionamenduak eta filosofia berak eraldaketa sakon bat jasan beharko dute hemendik ez denbora luzera, gizartera zabaldu eta hurbiltze aldera. Eremu berri horretan arinen murgiltzen denak arriskuak hartuko ditu bere gain, baina beste irtenbiderik ez dago, oraingo eredua agortzear baitago. |