Antologikoa, bai. Tabernan hiru lagun eta tabernaria baino ez geunden, neska pinpirina agertu zenean. Beste parrokiano biek eta tabernariak burua jiratu zuten aterantz, eta nik, aldiz, begiak aterantz bihurtu nituen baina burua makurtuz, akrobazia bisualak eginez. Ona zegoen, etxerako modukoa. Gabriel Arestik ez zuen hainbeste merezi; nik, beharbada, bai. Baina hori ezin zuen jakin neska eder baina ezjakin hark, Arestiren e-maila ba ote nuen galdetzeko kapaza izan zen harexek. Hura Arestiren bila zetorren, itsua zen gainontzekoekiko. Itsua nirekiko, jakina, aurpegia egunkariaren atzean ezkutatu bainuen, etaitsua ni baino itxura eskasagoko parrokianoekiko.
Antologikoa izan zela diot, handik bost minutu eskasera 50 bat urteko gizon betaurrekodun bat sartu zenean tabernan, gabardinarekin. Jakina da, biziko balitz, Arestik 70 urtetik gora lituzkeela, baina neska hark Interneten bilatuko zuen "Aresti" hitza, eta 42 urterekin hil zen haren argazkia aurkituko zuen, eta, ondorioz, pentsatuko zuen halakoxea zela orain ere, urte pare bat-edo zaharragoa akaso.
Neska hizketan hasi zitzaion, euskaraz, sutsu. Tipoak ez zion ulertzen, eta gaztelaniaz erantzun zion, lo siento señorita. Neskak barreka ospatu zuen Arestiren ateraldia, jenio hauek ze txantxazaleak. Gizonak, harrituta, neskari begiratzen zion, konturatzen hasia zen kurba ederrak zituela, eta neska oihu batean, esaten ze zoragarriak diren bidali dizkidazun e-mailak, eta ni potroak jaten tabernako mahai hartan, esan barik baina esan nahian e-mail malapartatu haiek nireak zirela.
Gertatu beharrekoa gertatu zen: batera irten ziren tabernatik. Atzetik segitu nien, harik eta, ibaia zeharkatu eta Barrenkalen barna, atari batean desagertu ziren arte; neskaren etxean, antza. Gizonak, unetxo batez, atzera begiratu zuen, ulertu ezinda, erantzun eske. Baina larrua joko zuen, eta ez da gutxi, batez ere entziklopedia guztien arabera 30 urte baino gehiago badaramatzazu hilda. |