|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
INKISIZIOA, BERRITUA
|
|
Erramun Osa
|
|
 |
Jesus Kristoren giza izaera gehiegi azpimarratzearen eta haren jainkotasuna, ostera, ustez ezkutatzearen zioz zigortu berri du Vatikanoak Jon Sobrino teologoa, besteak beste, irakaskuntzatik baztertuz, haren iritziak ezetsiz eta isiltasunera kondenatuz. Eztabaida horrek garrantzi erabakigarria izango du, apika, teologiaren eremuan mugitzen direnen artean, baina herritarroi, berriz, eguneroko jardunean gizatiarragoak diren kezkak ditugularik, Eliza Katolikoaren Fedearen Irakasbiderako Kongregazioaren arrazoiak ulertezin egiten zaizkigu. Hari horri are gehiago tiratuz, hainbatetan giza jendea elizaren iradokizunetatik zein hark proposatutako jarraibideetatik aldentzen ari dela askotan azpimarratu da, alabaina, Eliza ofiziala bera ez ote da gizartetik zein errealitatetik geroz eta gehiago aldentzen ari dena, horrenbeste non erabateko etena gertatzen ari den?
Hirugarren munduaren multzoan kokatutako hainbat lurraldetan nola baita ustez garabidean edo aurreratuak diren herrialdeetan txirotasunari, bazterketari buruz hitz egiteak, miseria horien kontra aritzeak urteetan gorpuztu diren egitura politikoak zein ekonomikoak dantzan jartzea eskatzen du, eta hori deserosoa da, haren iraupenaz erabat kezkatuta, botere-une ekonomiko eta politikoetatik oso gertu dagoen ezein egiturarentzat. Halaber, besteak beste, Afrika aldean, belaunaldiak akabatzen ari den gaixotasuna zabal ez dadin antisorgailuen erabilerari jarritako erreparoak, emakumeei oro har aitortzen dien rolak, bizitzari zein familiari buruz duen ikuspegi zaharkituak, zientziaren zenbait aurrerapenei buruz agertzen dituen iritziak eta abar, herritarrek Eliza ofiziala iraganeko kontua balitz bezala antzematea indartzen dutela iruditzen zait, aldentzea indartuz.
Horiek horrela, Askapen Teologiaren sustatzaileak isiltasunera kondenatzeak Elizaren diskurtsoak, jarrerak eta jarduerak berritzeko daukan premia larria uzten dute, beste behin ere, agerian, baldin eta egungo gizarte modernoek dituzten gabeziei eta beharrizanei erantzun bat emateko gogorik baldin badu, behintzat, hori gertatu ezean, gure herri eta auzoetako elizak geroz hutsago ez ezik, haren esanen aurrean, geroz eta arduragabeagoa agertuko baitira herritarrak. |
|