|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Udaberriaz
|
|
Jasone Osoro
|
|
 |
Udaberria da eta giroan igartzen da. Marrubi potolo eta gorri bati kosk egin diot eta aspaldian ez bezalako zapore intentsua hedatu da nire ahoan.
Udaberriak antzeko sentsazioak eragiten ditu, bizitzaz intentsitatez gozatzeko gogoa, denbora aprobetxatzeko beharra, segundo bakoitzaren iraupenaren jabe izateko nahia.
Zapatuan aldatu zen denboraren ibilbidea. Erlojuetako orratzak ordubete aurreratu genituen eta ondorioz, egunak luzatu egin dira. Urduritasuna ekartzen du horrek, eguzkiaren energiak kutsatu egiten gaitu, alteratu, hormonak dantzan jartzen dira eta jendea askoz irribarretsuagoa dago kalean. Baina.... baina udaberriak pentsarazi ere egiten dizu.
Argitasunak hori ere dakar berarekin, eta daukagun bizimodua gustatzen zaigun hausnartzen hasten gara.
Eman dezagun bizitza erdia pasa dugula enpresa bateko nagusi izatearekin amesten. Demagun halako batean aukera hori eskaintzen digutela eta egun batetik bestera jefe izatera pasatzen garela. Eta orduan, ametsa bete denean, ohartzen gara ez zela uste genuena. Ez zela imajinatzen genuena. Lasaiago bizi ginela langile bezala. Hainbeste ardura, bilera eta erantzukizun gehiegizko pisu bilakatu dela gure bizitzan.
Ohartzen gara gure ametsa iritsi denerako nagusiegi gaudela eta lana baino gehiago baloratzen dugula denbora. Gugan eta ingurukoengan inbertitu nahi dugun denbora. Udaberria bezala da ametsen mundua, beti noiz iritsiko zain eta gero, lortutakoan, neguko berokien eta egun ilunen nostalgian. Inkonformistak egin gaitu bizitzak, eta daukaguna baloratzen dugu falta zaigunarekin konparatzen dugunean. |
|