ETB-1eko “Martin” telesailak denboraldia agurtuko du gaur gauean “SS Confidential” izenburuko atalarekin. Alabaina, Tentazioa eta Hostoil etxeen ekoizpen arrakastatsuaren atal berriak grabatuko dira uda partean, udazkenean ikusgai izango direnak. Gaur “Martin”eko protagonistek hainbat sekretu agerian utziko dituzte. Irratian, Iratxek Mariari aitortuko dio faltan bota-tzen duela bere titiritero bizimodua. Hori entzutean, Martinek esango dio ez duela inoiz ahaztu gaztetan rock kantaria izan zela. Iratxek ez dio sinistuko eta Martinek kontzertu bat antolatuko du tabernan egia dela frogatzeko. Martak gaztetako sekretu bat kontatuko dio Martini. Senarrak ere aitortu beharreko zerbait ezkuta-tzen du, baina ez daki oso ondo noiz eta nola esan. Bestalde, Manuk txora-txora eginda daukala esango dio Maiderri, baina honek, berarekin atera aurretik proba bat gainditu beharko duela esango dio.
Ezkututik aterako diren kontu eta istorio horiek jarraipena izango dute hurrengo denboraldian. ETB-1eko umore telesailaren bosgarren atal-sorta uda partean grabatuko da.
“Martin” telesaila 2003ko irailean estreinatu zen. Umore zuria eta ganberro samarra ditu ezaugarri nagusi. Martin (Jose Ramon Soroiz) protagonista, irrati txiki bateko kirol esataria da, eta bere eguneroko bizimodua du oinarri telesailak. Irratiko lankideekin duen harremana batetik, eta bere familia, bestetik, argumentuaren ardatzak dira. Baita ere, besteak beste, Marta (Elena Irureta) du emazte eta hiru seme-alaba dituzte: Maider (Aitziber Garmendia), Janis (Amaia Iraundegi) eta Martintxo (Yerai Aguado). Marikoro (Itziar Aizpuru) bere ama ondoko etxean bizi da, Antxon (Jose Ramon Argoitia) senargaiarekin eta Manu (Iban Garate) semetzat hartu duten gaztearekin.