Bitxikeriak
1. Trikitikilometroa
Nafarroako hainbat trikitilarik kilometroa hartu dute Iruñean Trikitikilometroa egiteko
2. "Urepeleko artzaina"
Mendata jaitsita, han zegoen zain Erramun Martikorena kantaria, Baigorrin korrika egiteko
|
|
Korrikak bihar emango ditu azken urratsak Euskal Herri guztia zeharkatu eta gero, eta azken pauso horiek ere jai giroan egin gura ditu. Hain justu 2339. kilometroa Auzoeneko (Iruñea), Barañaingo, Zizur Nagusiko eta Sakanako trikitixa eskolek erosi dute. Kilometro hori egin eta gero, kalejiran igoko dira trikitilariak alde zaharrera, Korrikaren azken kilometroa egitera. Asmoa da ahalik eta trikitilari gehien biltzea kilometro horretan, eta ibilbide hori "Beti eskamak kentzen" kalejira jotzen egitea. Kilometroa eskola horiek hartu badute ere, edonongo edozein trikitilari bildu ahal da Trikikilometrora.
Bien bitartean, Nafarroaren iparraldean egin zituen atzo Korrikak arratsaldera bitarteko kilometroak, Pirinioetatik hurbil eta Baztan aldean. Ez da harritzekoa izan, beraz, dabilen giroa ikusita, atzo goizaldean Korrika elur artean ibiltzea eta egunean zehar euripean. Baina, hala ere, ez zen korrikalaririk falta izan.
Erro gainera iristean, adibidez, Aimar Karrika Aurizko bertsolaria joan zen aldapa gora bertsoak kantatzen, eta Iker Iriarte "Gara" egunkariko kazetariak animatu eta lagundu egin zion bertsotan. Bikote ederra osatu zuten.
Bestalde, Baztango Xorroxin Irratiak 25 urte betetzen ditu aurten. Ohikoa da irrati horrek konexio ugari egitea Korrikarekin, eta euskararen aldeko ekimena bere lurretara heldu denean, era berezian hartu du parte, 1.884 kilometroa erosi eta korrika eginez. Gainera, bertako kazetari batek zuzenean eman zuen karreraren berri, ordu beteko saioa eginez, Korrika bizikletaz jarraituz eta sakelako telefonoaz baliaturik.
Xorroxin Irratiak AEKren "Aizu!" aldizkariari pasatu zion lekukoa. Honek ere iazko abenduan bete zituen, hain zuzen, 25 urte. Hori ospatzeko bertako partaideek 1.885 kilometroa erosi eta lasterka egin zuten Korrikan doan prentsa taldearekin batera, Zubiritik Elizondora bitartean.
Elizondon, Korrika bazkalondoan eta euria atertuta pasatu dela aprobetxatuta, jende asko eta adin guztietako ume piloa batu zitzaion karrerari. Izan ere, dei berezia egin da eskoletatik horretarako.
1.915. kilometroan, Korrika Baztanetik Iparraldera igaro denean, pilota elkarteak eta gazte-txeak hartu zuten lekukoa, eta pilotariak pilotariz jantzirik joan ziren. Hori Izpegi gainean izan zen, arratsaldeko bostak aldera. Mendatea jaitsita, han zegoen zain Erramun Martikorena kantaria, beste korrikalari askorekin batera, Baigorrin korrika egiteko. |