IRUÑEAK gaur agurtuko du Korrika bi mila kilometrotik gorako ibilbide luzea egin eta gero. Gaztelu enparantzan izango da hitzordua ofizialki eguerdiko ordubatak hamar gutxitan eta bost ordu luzez zeharkatuko ditu Nafarroako hiriburuko karrikak eta auzoak. Itxura batean Iruñeko kaleetan jende arruntaren lehentasunak beste batzuk ziren: erosketak egitea, umeekin paseatzea eta Korrikaren bezperako giro berezirik ez zen antzematen. Baina 20.000 lagun aurreikusi dira festa nagusirako.
Nafarroa heldu aurretik, atzo Ipar Euskal Herrian ibili zen Korrika. Baionan jende asko atera zen ongi etorria ematera, eta horien artean nabarmentzekoa da lehenengo aldiz bertako partidu polítiko guztien ordezkariek bat egin dutela. Gasteizen pasatu zen moduan, PP alderdiak parte hartuko zuen susmoarekin, Baionan zalantza alderdi komunistaren eskutik etorri zen. Baina azkenean guztiak bildu ziren lekukoaren inguruan alkate edo auzapezaren faltan.
Baionan jarraituz, irudi ederra irudikatu zuten bertako Lizeoak, eskolak eta ikastolak, hiruren artean, euskararen aldeko herri mugimendu honi atxikitu zirenean. Irudi bitxi gehiago jazo ziren Baionan, izan ere Oreka Zirku Taldeak ere eman baitzuen erreleboa, festa giro nabarmenean gainera. Baionako Gau Eskolaren kasuan ez zen oharkabean pasatu erakundeko lehendakari Miguel Torreren ahalegina. Euskaltegi berri bat irekitzekoak dira, eta hain justu Korrikak edizio honetan lortutako dirutzaren zati bat egitasmo horretara bideratuko da. AEK-ren lekukoa hartu zuen Torrek eta berak ordainetan giltza handi bat eman zien.
Baionako Aviron taldea ere fin aritu zen Korrikaren alde. Errugbi eta futbolean aritzen dira bertako gazteak eta atzo gainera euskara sustatzeko nahia berretsi zuten. Angelun, berriz, Ibaialde arraun elkarteak harrera ezin jatorragoa egin zion Korrikari. Ongi etorri berezi horren seinale, pasilo eder egin zioten eta lasterka ere arraunak gainean zeramatzatela egin zuten, ttipi-ttapa Korrikaren alde. Iparraldeko herri ttipi zein handiagoetan, furgonetako anima-tzaileek egunean zeuden ekitaldien berri eman zuten. Korrika ez da lekuko-eramatearekin hasi eta bukatzen. AEK-ko lagunek behar asko egiten dute egun horretan ere festa giroa luzatu dadin: herri bazkariak direla...
Gaur hamar eguneko elkargune horri bukaera emango zaio, eta bide batez Karrantzatik Iruñera bitartean joan den lekukoak bildutako mezu sekretu hori ezagutaraziko da. |