Korrika 15 gaur bukatuko da Euskal Herri guztia zeharkatu ondoren. Hasieratik ez zen bi urtez behin egin, eta urteen poderioz ere aldatzen joan da egun den hitzordua izatera heltzeko. Joseba Kanpok eta Urtsa Erraztik ongi ezagutzen dute Korrikaren hastapena, beraiek talde sortzaile haren partaide izan baitziren. Atzera begirako honetan, nostalgia barik, aztertzen dute beraien bizi-tzan hain garrantzitsua izan den gertaera. «Hasteko geu aldatu gara. Bizarra zuria daukat, eta gero, Euskal Herria bera aldatu da», dio Urtsa Erraztik.
Korrika afari batean sortu omen zen. Egia al da?
Urtsa Errazti: Topiko bat da. Batetik, premia zegoen dirua bil-tzeko eta bestetik, euskararen egoera nahiko larria zenez, AEK-k erabaki zuen zerbait egitea eredutzat hartuz Ibilaldia. Erabaki genuen Euskal Herri osotik egitea, eta oinez egin beharrean, korrika egitea.
Prozesu luzea izan zen?
U.E: 3 edo 4 hilabete lanean genbitzan talde bat ordurako zerbait aurkitu nahian. Afari hura izan zen prozesu baten azkena. Ideia pila bat egon ziren eta azkenean Korrikarena gailendu zen.
Zeintzuk ziren besteak?
U.E: Eztabaida zen elkarretara-tzea leku batean, eta hori, Ibilaldia edo Kilometroaren antzekoa zen. Egon zen pentsamendua Euskal Herri guztia leku batera eraman ordez kanpaina bera Euskal Herri guztira eramatea. Hortik hasi zen sortzen ideia. Gau horretan oso motibatuta geunden edo ez dakit zer pasatu zen; inspirazio kontua, akaso.
Lehen urtetik itzuli guztia egin zen?
Joseba Kanpo: Bai, ez zegoen jenderik kilometro guztiak egiteko eta Durangaldetik eta Busturialdetik joan ginen.
U.E: Egon ziren arazo txiki ba-tzuk leku batzutan, lekukoak falta baitiziren.
Garai hartan espero zenuten Korrika egun den hitzordu garrantzitsu hori izatera helduko zela?
U.E: Ez. Lehen Korrika guretzat ere ezusteko handia izan zen. Ez genuen espero hainbesterako izango zenik, arrakasta itzela izan baitzuen lehen Korrikak. Nik uste dut ideian bertan dagoela arrakastaren parte bat. Ideia polita da: zerbait dator, hartzen duzu eta lekuko horrek jarraitzen du. Bukatzen ez den sentimendu bat da; gauza bizi bat.
J.K: Ekimena herriari utzi zitzaion eta herriz- herri joan zen betetzen. Gaur ezagutzen dugun Korrika herriak egin du. Herriak izan du ideia hori eta herriak garatu du.
Zer aldatu da 15 Korrika hauetan?
Hasteko gu, eta gero Euskal Herria bera aldatu da: Euskal Herriko kultura, jendea. Orduan ume txikiak zirenak, orain Korrika eramaten dutenak dira.
J.K: Orain ez nituzke 15 kilometro egingo, Zuberoan lehenengo Korrikan egin nituen bezala.
Joseba Kanpos, publizista zaren aldetik, Korrika izan da euskararen sustapen-kanpainarik hoberena?
J.K: Ezingo nuke hori esan. Korrika oso garrantzitsua izan da gure bizitzan.
Korrikak hastapenean zituen helburuak bete dira?
J.K: AEK gorantza doa, inoiz baino biziago dago, eta AEKren iraupenaren xedea beteta dago, euskararen lorpenarena ordea ez. Ez genuen espero 15 edizio eta 27 urte beranduago euskara oraindik egoera honetan egongo zenik.
U.E: AEK-ren irakasleen egoera ere oraindik larria da. |