|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
USTEAK ERDI USTEL
|
|
Erramun Osa
|
|
 |
ETAk tregoa eman aurretik hileetan jardun zutenak zertaz aritu ziren galdetzen diot askotan neure buruari. Izan ere, zer gertatzen ari den esplikazioak bilatzen hasita, azpiegiturarik apenas, ordezkaritza instituzionala erabat murriztua, gizartearen gehiengo zabalak, ordura arte haren boto emaile asko barne direla, kontra zituela zegoen ENAM deitutakoa arnas bila antzematen nuen. Halaber, sozialistek Estatuko instituzio nagusiak gobernatzeko modua ikusten ez zutelarik, ez legegintzaldi honetan bederen, Gobernuaz kargutzen zirenerako, ENAM eta enparauen egoera are zailagoa izango zela uste izanda, haien interesak zapuztuko ez zituen aterabidea erdiesteko komunikazio bideak ehuntzen ikusten nituen.
Batzuk zein besteak anbiguotasunaz baliatuko ziren, beharbada. Bereari ukorik egin gabe lagun hurkoari komeni zitzaiona ulertzeko moduan, sakonera handiko uretan sartu barik jardungo zuten, akaso. Prozesua deitutakoak helmuga garbirik ez ezik abiarazteko printzipio zein tarteko geltoki zehatzik ere ez irudikatzea horren emaitza; beraz, egiazko prozesurik ez dago, bazterretan. Pauso batek beste bat dakarren katerik, erritmorik ez da ikusten, anabasa da nagusi. Horiek horrela, bertsolarien antzean inprobisatzea tokatzen da orain, baina, halakoetan, errima eta doinu egokiez baliatuz bertso ona ateratzeko bertsolari ona izatea ezinbestekoa da eta ez dirudi halako askorik daukagunik gure inguruan. Prozesua berriz abiarazi baino prozesua bera da egiatan eraiki beharrekoa, nik uste.
Urte luzeetako gatazka ezin da inprobisazio hutsez gainditu, boluntarismo merkeaz bideratu. Alderdien artean adostu beharrekoak lau haizeetara barreiatuz agitazio eta propagandatik haratago nekez lor liteke beste ezer, boz gora esandakoen itzuri ibiltzea ezinezkoa baita. Gailurra atzeman nahi duenak bidea behar du, denik estu eta malkarrena bada ere, bestela ezin da. Hori eta hainbeste sufrimendu eragin dutenek, besteak beste, burdindegia behin betiko ixtea. |
|