EUSKO Abertzale Ekintza (ANV) alderdiak ukatu egin du datorren maiatzaren 27ko foru eta udal hauteskundeetan parte hartzeko erabakia hartua duenik. Hala, oraingoan bezala, aurreneko beste zenbait hauteskunde prozesutan ere ordezkariak izendatzeko tramitea bete izan duela nabarmendu du alderdi honek prentsa ohar baten bidez, baina kasu horietan, azkenean, hauteskunde batzordeen aurrean zerrendarik aurkeztu ez zutela gaineratu dute.
Legez kanpoko ezker abertzalea datozen bozetara aurkezteko bidea ANV izan daitekeela aipatuz zenbait hedabidetan plazaratutako berriei erantzun nahi izan die alderdi horrek komunikatu baten bitartez. Hauteskunde batzordeen aurrean bere ordezkariak aurkeztu ondoren, hurrengo hauteskundeetan parte hartzeko aukera «zabalik» dagoela dio ANV-k. Dena den, ukatu egin du «azken erabakia» hartua dagoenik: «hurrengo apirilaren 23ra arte, hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko aukera dago, eta azkenean halaxe erabakiko bagenu, epe legalen barnean behar diren zerrendak eratuko ditugu», esan dute.
Tramite hutsa
Zabaldu diren informazioen aurrean, ANV-k argitu nahi izan du beste zenbait hauteskunde prozesutan ere berdintsu jokatu izan duela, ordezkariak izenda-tzeko tramitea bete duela alegia, «nahiz eta gero ez genuen zerrendarik aurkeztu hauteskunde batzordeen aurrean».
ANV-ren esanetan, hartu duen ekimenak «hainbat inguru politiko eta mediatikotan piztu duen irakurketa interesatuen aurrean», beharrezkoa da argi-tzea bere helburua «ez dela sekula izan, ezta oraingo honetan ere, beste erakunde politikoren bat ordeztu edo ordezkatzea» hauteskunde prozesu batean.
Aurrekoaren haritik, ANV-ren aburuz, ‘Abertzale Sozialistak’ siglek ordezkatzen duten ezker abertzaleko sentsibilitateak «eskubide guztia behar du izan hurrengo udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko, bere tresna politikoekin eta inolako baldintzarik gabe». Horregatik, «demokrazia eta pluraltasun politiko eta sozialaren aldeko hautua egiten dugun alderdi guztien aldetik, betebehar bat da aukera eta eskubide hau eskatzea eta aldarrikatzea», dio ANV-ren oharrak. Azken egunotan etengabe ugaritu dira ASB-ren eta tokian tokiko plataformen hautuak huts eginez gero horien lekua ANV-k beteko duela dioten zurrumurruak. |