iruñea.Elkarrekin bizitzen eta komunikatzen ikasten da Ikastolen Elkarteak XIV. Jardunaldi Pedagogikoei jarritako izenburua eta, horri men eginez, jorratuko duten gaia Lehen Hezkuntzako curriculumak biltzen dituen hezkuntzako bi konpetentzia horiek dira: elkar bizitzen ikastea eta komunikatzen ikastea. Iruñeko Baluarte batzar jauregian hasi ziren atzo ekitaldiak eta bihar arte iraunen dute hitzaldi, solasaldi eta talde lanek. Euskal Herri osoko 150 irakasle baino gehiagok hartu zuten parte atzo eta, oro har, hiru egunetan 300 pertsona inguru mugitzea aurreikusi dute antolatzaileek.
Jardunaldien irekieran Ikastolen Konfederazioko arduradunez gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Tontxu Campus egon zen. Jardunaldiek aztergai dituzten bi gaitasunen -elkarbizitza eta komunikazioa- inguruan gogoeta egiteko "oso une egokia" dela adierazi zuen Camposek, orain euskal curriculuma elaboratzen ari direla argudiatuz.
Irekiera ofizialaren ondotik, Xabier Garagorri Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Ikastolen Konfederazioaren aholkulari pedagokioak egitarauari hasiera eman zion gaiaren ikuspegi orokorra azaltzeko atari hitzaldia eskainiz. Konpetentzietan oinarritutako curriculumari buruzko lehen hurbilketa egin zuen eta Euskal Curriculumeko hezkun-tza-ereduak hezkuntza-konpeten-tziak nola jasotzen dituen azaldu. Konpetentzien inguruko marko kontzeptuala azaldu zuen Garagorrik eta, halaber, gai horren harira zer proposamen egiten ari diren azaldu zituen.
Bigarren hitzaldia Bartzelonako Unibertsitate Autonomako irakasle David Duranek eskaini zuen. Hezkuntza-Psikologiako sailean lan egiten duen adituak elkarbizitzaren konpetentziari heldu zion Berdinen arteko tutoretza: desberdintasuna ikasbide izenburupeko hitzaldiaren bitartez. Eguneko gaiaren inguruan ikastola ezberdinetan eman diren esperientziak agertu zituzten arratsaldean. Txanela proiektuko arduradunek (Lehen Hezkuntzako material didaktikoak) elkarbizitza lantzeko erabiltzen dituzten bideak erakutsi zituzten bideo baten bitartez; Vianako Erentzun ikastolako ordezkariek konpetentzia hori gela barruan nola lantzen duten erakutsi zuten eta Zarautzko eta Lekeitioko ikastolakoek ere euren esperientziak azaldu zituzten. >a. álvarez |