|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Maiatzaren 2a (I)
|
|
|
|
Egun perfektua da, ezta? Kale izkinako jonkiari begiratu diot, galdera hori egiteko unerik egokiena imajinatzen nuen bitartean. Nervión tabernako leihotik begira burua joan egin zait, kafearen usainak galdu nau. Periodikoa itxi dut eta adiago jarri naiz jonkiari begira. Alboko arkupeetan egingo du lo, seguruenik.
Esaldi hori bururatu zait, esaldi txatxu hori jonki bati egiteko, egun perfektua dela gaur. Esango nioke: begiratu zeruari, egun perfektua da.
Lou Reed gehiegi ari naiz en-tzuten azken aldi honetan, "just a perfect day" abestia etengabe nire belarrietan, San Fran-tziskon gora noalarik eta Hernanin behera natorrelarik, eta Maiatzaren 2an gora berriz ere, eta kafea hartzen dudanean, etengabe Lou Reed.
Jonkiari begiratzen diot, beraz, abesti horren soinupean, eta egun perfektua dela esango nioke; gustura esango nioke sangria edango dugula parkean eta gero, iluntzean, etxera joango garela. Animaliak elikatuko ditugula zooan, pelikula bat ikusi zineman, eta gero etxera joango garela.
Ze egun perfektua, esango nioke; pozten naiz zure konpainian nagoelako. Zure menpe nago, esango nioke, eta jonkiak ere gauza bera onartu beharko luke, ze ondo. Izan ere, egun perfektua da, arazoak albo batera utzi ditugu eta asteburuetako moduko izakiak gara behingoagatik, halaxe sentitzen gara behinik behin.
Ondo pasatzen ari gara, egun perfektua da jonki laguna; neure buruaz ere ahaztu naiz, uste nuen beste norbait nintzela, ona den norbait. Egun perfektua da, zalantza izpirik gabe, ereindakoa jasotzen dugu jonki laguna, ereindakoa baino ez… |
|