iruñea. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatutako XIV. Jardunaldi Pedagogikoak atzo amaitu ziren. Orotara, hezkuntzaren alorreko 571 profesionalek hartu zuten parte Iruñean hiru egunetan zehar gauzatutako Jardunaldietan, hain zuzen, Euskal Herriko 71 Ikastola ordezkatu zituzten profesionalak.
Jardunaldietan, elkarrekin harreman estua duten hiru atal jorratu dituzte: curriculuma, elkarbizitza eta komunikazioa. Izan ere, azken bi konpetentzia horiek izan dira leloaren oinarria, Elkarrekin bizitzen eta komunikatzen ikasten.
Orain arte egindako lanetik abiatuta eta etengabeko hobekuntza ardatz hartuta, konpetientzietan oinarritutako hezkuntzaren inguruko hausnarketa bidea ireki dutela jakinarazi zuen Ikastolen Konfederazioko Prestakuntza arduradun Manu Aurrekoetxeak. Datozen aldaketen aurrean, halaber, euskal hezkuntzak aspektu orokor berritzaileekin batera euskal kulturaren transmisioarekiko arretarekin jarraitu behar duela ohartarazi zuen. "Ikas-irakas prozesuetan esanguratsua delako, gurasoen parte hartzea areagotuko dugu hurrengo hamarkadan", gehitu zuen. Horretaz gain, Ikastolek ebaluazioen berrikuntza aurreikusi dute, irakasleak ez ezik beste eragileak kontutan hartzen dituena, alegia.
Hurrengo urteetarako elkarbizitzarako hezkuntza lehentasunekoa kontsideratu beharra dagoela esan zuenBelen Batzarrikak Ikastolen Kondfederazioko kideak, bestalde. "Bizikidetza on bat izateko beharrezkoa dugu arauak eta mugak jartzea eta zentzu horretan disziplina demokratikoaren kontzeptua barneratu beharra dago".
Ikasleen bitartekaritzak duen potentzialtasuna erabiltzeko beharra da Jardunaldietan ondorioztatutako beste gai bat. Adibide bezala, berdinkideen arteko tutoretzak aipatu zituzten, esperimentatu duten lekuetan, Katalunian, kasu, emaitza onak eman dituelako.
Umorea Halaber, gizaki zoriontsu, autonomo eta norbere buruaren jabe hezteko, erlajazioa eta umorea gako moduan nabarmendu zituzten. Komunikazioan erreparatuz, Jardunaldietan ikasleen arteko eta gela barneko arazoak konpontzeko bide eta teknika berriak esperimentatzeko beharra azpimarratu zuten. Adibide gisa antzerki hezitzailea landu zuten. Hala, komunikatzen ikasteko garrantzian arreta jarriz, elkarrizketaren eta adostasunaren garrantzia ikusgai geratu zen.
Azkenik konpetentzia digitalak landu zituzten eta horiek aplikatzeko eta ikasleen eguneroko jardunean txertatxeko beharra agertu. |