donostia. Herri Urrats festaren 24. edizioaren lekuko izango da Senpereko lakua hilaren 13an. Kanboko Xalbador ikastetxea zabaldu ahal izateko antolatu zuen jaialdia lehenengo aldiz Seaskak, Iparraldeko ikastolen elkarteak, 1983. urtean. Aurtengo festarekin eraikin hori bera berritzeko dirua lortu nahi dute. "Ziklo bat bukatu eta beste bat hasiko da orain", aipatu zuen atzoko aurkezpenean Ixabel Charritton Seaskako lehendakariak. Izan ere, Ipar Euskal Herrian ikastolek duten erronka bigarren hezkuntzan euskararen presentzia bermatzea da. Charrittonek adierazi zuenez, 11 eta 15 urte arteko gazteen artean %9k bakarrik ikasten du euskaraz eta 15 eta 18 urte bitartean portzentaia %3koa da. "Lehen mailan soilik euskaraz eskolatua den ikasle batek geroari begira aukera gutxi du hizkuntza aski menperatzeko, ondotik erabiltzeko eta bere haurrei transmititzeko", gaineratu zuen. Horrela, aurtengo edizioan lortuko duten diruarekin Baionako Bernat Etxepare lizeoa ere handitzeko asmoa du Seaskak.
Bestalde, Senperera gerturatuko diren autobusak erabiltzeko deia egiten dute antolatzaileek eta inguruko errepideetan alkoholemia kontrolak egon daitezkela gogoratu zuten. Aurtengo nobedadeetako bat hondakinak murriztearren euro baten truke banatuko dituzten plastikozko edalontzi berrerabilgarriak izango dira. Gainera, Herri Urrats bost egun lehenago hasiko dira ospatzen. Gantxiki frontoian pilota txapelketa izango da hilaren 8an eta 11n, besteak beste. |