ondarroa. Hilabete falta denean aurtengo Euskal Eskola Publikoaren jairako, bere aurkezpen ofiziala egin zuten atzo Ondarroan. Egun horretako egitaraua aurreratzeaz gain, hilabete osoan zabalik egongo den Antzinako eskola materialak erakusketa ireki zuten.
Ekitaldia Kofradia Zaharrean egin zen eta han izan ziren Tontxu Campos, Hezkuntza Sailburua, eta Imanol Zubizarreta, EHIGEko lehendakaria. Antolatzaileen arabera "herrian bertan eta bertako baliabideak erabili ditugu Euskal Herri osoari etortzeko deialdia egiteko", azaldu zuen Josu Etxaburuk, BIGEko lehendakariordeak.
Ekainaren 3rako sei gune desberdin atonduko dira, adinaren arabera antolatuta, baina denen gustuak asetuko dituena. Horrela Zaldupen txikientzako eremua egokituko da, Betizu ikuskizunarekin, puzgarriekin, eskalada ekintzekin eta txikientzat bereziki prestatutako tailer eta ludotekarekin.
Alamedan karpa bat jarriko da eta bertan teknologia berrien gunea atonduko da, ikastetxeen ekintzak agertuz. "Irakaskuntzan erabiltzen diren teknologia berritzaileenak erakutsiko dira eta antzinako eskola materialen erakusketaren kontrapuntoa izango da", dio Etxaburuk.
Kirolerako aukera ere izango da eta Ondarroan, nola ez, errekari bizia emanez egingo da. Antolatzaileek hogeita bost kayak eta batel eta motorak jarriko dituzte errekan ibili eta "herriaren beste ikuspegi bat eta sei zubiak ikusteko".
Itsasaurre plazan drogomenpekotasun prebentzio ekintzak egongo dira, gazteei edari eta gainontzeko sustantzien kontsumo arduratsua egin dezaten gomendatzeaz gain, jolas erakargarriak ere jarriz.
Frontoian Pantxoa eta Peio arituko dira eta emanaldiaren ostean txikientzako berbena izango da. Horrez gain, helduagoentzako tailerrak ere egongo dira.
Azken gunea Arrigorriko hondartza izango da, musika kontzertuekin. Bertan The Uski's, Kandela, Keike eta Arbaso arituko dira, 16.00etik 20.00etara. Azken hauek eskola publikoaren kanta prestatu dute, Kepa Junkera eta Edorta Jimenezek egindako abesti bat moldatuz. Eguraldiak laguntzen badu jendetza espero da ekainaren 3an Ondarroan, horregatik antolatzaileek lortu dute Bizkaibus eta Lurraldebus zerbitzuak indartzea, eta zortzi aparkaleku atontzea herrian, Berriatun eta Mutrikun. |