BERRIATUA. Lea Artibai Amankomunazgoak, urtero legez, San Gregorio jaien egitarauaren barnean, maiatzaren 5ean Nekazal eta arrain kontserba azoka antolatu du Berriatuako udalerrian. Goizeko 10etatik eguerdiko 15ak bitartean eskualdeko baserritar eta kontserberoen produktuak erosteko eta dastatzeko aukera egongo da udaletxe aurreko plazan. Besteak beste, arrain kontserbak, Idiazabal izendapeneko gazta, ogia, euskal pastela, txokolatea, ahate produktuak, kontserba begetalak, eta nola ez arrain kontserbak egongo dira. Guztira 30 produktore plazaratuko dira, 38 postutan banatuta.
Eguerdi partean, berriz, arrain kontserbekin egindako pintxoak dastatzeko aukera egongo da, eskualdeko sagardoarekin batera. Pintxo eta sagardoa eskuratzeko mekanismoa hurrengoa izango da: azoka guneko stand batean, sagardoa edateko edalontziak eskainiko dira 2,5 eurotan, eta atun pintxoak dastatzeko tiketak euro 1en. Edalontziarekin, azokan dauden sagardo mota guztiak dastatzeko aukera egongo da; eta atun pintxo tiket bakoitzarekin, bi pintxo dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Guztira 6 pintxo mota prestatuko dira, antxoarekin eta 4 atunarekin eginak. Iaz 1500 pintxo inguru banatu ziren, eta aurten iazkoa gainditu egin nahi dugu.
gonbidapena Lea Artibai Amankomunazgoak eta Berriatuako Udalak, maiatzaren 5ean azokara etor-tzeko gonbitea egiten die eskualdeko eta kanpoko jendeari. Eta baita ere eskerrak eman nahi dizkiete azokan parte hartzen duten kontserberoei.
Egun hau Salmenta Zuzen eta baserriko produktuen sustapen egitarauan sartzen da. Egitarau hau, Lea Artibai Amankomunazgoak burutzen du, Lea Artibaiko Udalekin batera. Halaber, beste erakunde batzuk ere parte hartzen dute, hala nola: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK eta Landa Garapen Alkartea. |