|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Herria hizketan
|
|
Xabi Larrañaga
|
|
 |
maruja Torresi kontatu diote, Beiruten. Antza, Ariel Sharonek aberriari egin zion azken mesedea Monika Lewinsky hezi eta Mossaden aritzeko prestatzea izan zen. Gero Ameriketara espia bidali, Clinton erakarri eta denok dakiguna egin omen zion.
Era hartara lortu zuen Bush agintean eta mundu osoa hankaz gora jartzea. Libanon ere entzun zuen kazetariak israeldarrek Txinara eramaten dituztela emakumezkoak, bertan haurdun geratu eta horrela arabiarren aurkako gerra demografikoan garaile ateratzeko. Judu txinatarrak milioika izan daitezke.
Mario Vargas Llosak antzekoak aditu ditu Bagdaden. Sadam Hussein atxilotu eta aliatuen aldeko koalizio berria ezarri ondoren, irakiar askok uste zuten Turismo Ministerioa israeldarren esku zegoela, eta etxegile juduak ari zirela herrialdea berreraikitzeko kontratuez jabetzen.
Zenbait imanek ere debekatu egin zuen lurrak juduei -ez besteri- saltzea. Behin itxura dotore bezain mafiosoko morroi bat Bagdadeko kafetegi famatuenera azaldu zen, hamaika bizkartzainek babesturik. Eta parrokianoak xuxurlatzen hasi ziren, hori sionisten ordezkaria da, Tel Avivetik lapurtzera heldutako judu nazkagarria... Hori, berriz, Italiako enbaxadorea zen.
Joan den astean Madrilen hainbat egunkari erosi nuen, besteak beste hemengo bat. Bai nahaste bitxia!, bota zidan kioskeroak, eta nongoa nintzen argitu ostean seguru-seguru esan berak: "En el Norte si compras prensa de ésta te matan".
En el Norte prensa de ésta astero erosten dudala erantzun behar nion, eta mesedez gezurretan ez ibiltzeko, eta... Ixil-ixilik, ordea, egunkariak poltsan gorde eta Plaza Mayorrera abiatu nintzen. Berandu baita gauza batzuei buelta emateko. Gezurra jada gangrena... |
|