|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Imajinatzen
|
|
Yolanda Arrieta
|
|
 |
gure lehen arbasoak imajina-tzen hasten naizenean, natura-kume ikusten ditut, aldra txikitan bilduta, gehienetan harrituta, beldurtuta edo asaltatuta, harik eta eskarmentuari esker, apurka-apurka adimena garatzen doazen, eta, ondorioz, akzio baten ondorioa aurreikusten, neurri txikian ez bada ere, ondoren, ondorio horri dagokion ekimen egokiena aukeratzeko, beti ere norbera eta norbere ingurukoen iraupena bermatu guran.
Esperientziari esker garatzen doan pentsamendua komunikagarri bihurtzeko ahaleginetan ere ikusten ditut. Esate baterako, ondokoari azaltzen mendi muinoaren ostean ikusi duten euren antzeko bi hankako hura. Imajinatzen dut kontalaria, direnak eta ez direnak egiten aldra-kideek ikus dezaten, denboraz kanpo, ordu erdi, ordu bete edo ordu laurden aurretik berak zuzenean ikusitakoa.
Imajinatzen dut, azkenean desesperaturik harri bat hartu eta kobaren horman marrazten bi beso, bi hanka, ile luzea, begi handiak eta titi pare bikaina dituen beste lagun bat. Imajinatzen dut aldrako bat haurra tititik zintzilik duela altxatzen eta kontalariari kokoteko bat ematen ere.
Eta imajinatzen dut, lau, bost edo sei gau igaro ondoren, agian horma horretan bertan lagun gehiago marrazten, batzuk lau oinean, bestetzuk bitan, tartean abereak eta izarrak, eguzkia, ilargia edo joandakoren baten idunekoa...
Imajinatzen dut horrela has zitekeela hizkuntza, zentzua emozio, emozioa irudi eta irudia lekuan lekukoek ulertzeko grafia-kode bihurtu zenean.
Eta imajinatzen dut beti egon direla kontalariak eta entzuleak denborari iruzur egitera jolastu dutenak, hotsak, keinuak eta zirriborroak bide. |
|