|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
San Joan ametsa
|
|
Yolanda Arrieta
|
|
 |
udarekin egin dut amets bart. Maitale gisa imajinatu dut, desioak oroimenarekin nahasten diren eremu lainotsu horretan.
Esnatzean, lotan sentitutakoa eskari bihurtzeko premia sentitu dut. San Joan gaua gainean dugulako, agian?
Maite nazazu -idatzi dut- gaur bertan erne den bitxilorea banintz bezala; lur larregirik bota gabe, eguzki zuzenetik apur bat albora eginda.
Maita nazazu, gaur jaio eta bihar -edo asko jota etzi- desagertzera doan hiru orriko lore bitxia banintz moduan.
Ez nazazu gehiegi ureztatu, ezta sobera abonatu ere; ito edo erre egin naiteke, bestela.
Ez nazazu sar lorontzi estuegian, baina ezta lur eremu zabalegian ere, ondoan izan dezadala itzal lagun edo argi izpirako aukera.
Ez nazazu igo gorengo apaletara, baina ezta zuloan zokoratu ere, triste jarriko nintzateke-eta.
Hitz egidazu. Hitz egidazu lorezaintza manualetako adituek aholkatzen duten eran; goxo, samur, neure alderik onenak azaleratuz. Berba eztiz hurbil nazazu zeuregana, hostoak beherantz ditudalako leku egoki bila naroazun bitartean.
Eduki nazazu gogoan zure ordenadore partikularra pizten duzun goizeroko erritualean.
Eta, tarteka, zeuk ere adarren bat beheraka sentitzen duzunean, bidal egidazu mezu bat, ez du zertan poetikoa izan.
Ager egidazu esaldi gutxitan zein geltokitan gurutzatu naizen zurekin eta, bide batez, gonbida nazazu une hura birgogoratuz, elkarrekin zerua imajinatzera, doinu lurtarren bati adaska, pinporta edo kimua oparitzen diogun bitartean.
Urteko gaurik magikoenean neurekin nahi zaitudalako, suaren berotasunean. |
|